Eguneroko gauzei ohi ez bezala begiratu die Pablo Sastrek
«Gauzen presentzia» da Pablo Sastreren lehen saiakera, Jaka Beka merezi izan duena. Egungo gizartearen eta progresoaren ideiaren kritika erradikala da, baina ez parametro ideologiko abstraktuetatik abiatuta, pertsonek egunero erabiltzen dituzten gauzetatik abiatuta baizik.
Martin ANSO | DONOSTIA
1982ko «Mugarria» estreinako nobela hartatik iazko «Enpleguaren arbola» orain arteko azkena bitartean, bide luzea egin du Pablo Sastrek, beti fikzioan, baina. Elkarrek argitaratu berri duen «Gauzen presentzia», aldiz, saiakera bat da, eta hor, Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, «irakurleak beste Pablo Sastre bat aurkituko du, pentsalaria». Nahiz eta Sastre pentsala- riak dituen kezkak, neurri handi batean, behintzat, Sastre nobelagileak azken urteotan islatu dituen berberak diren, jakina.
«Gauzen presentzia» egungo gizartearen azterketa zorrotza eta aurrerapen edo progresoaren ideiaren kritika erradikala da, baina ez parametro ideologiko abstraktuetatik abiatuta, pertsonek egunero erabiltzen dituzten gauzetatik abiatuta baizik. Aulkia, ohea, etxea, botila, komuna, poltsa edota sardexka dira Sastreren gogoetagai.
«Orain dela urte batzuk -adierazi zuen idazleak berak-, kartzelatik atera berri zen preso ohi bati galdetu zioten ea kanpoan zer zen, barruan hainbeste denbora pasatu ondoren, gehien harritzen zuena. `Jendeak etxean zenbat gauza duen', erantzun zuen. Egia da, etxean gauza pilo bat daukagu, eta horren inguruan hausnartzen hasi nintzen: gauza horiek nondik datoz?, nork asmatu zituen?, nola eta zergatik hasi ziren erabiltzen?, jendea erresistitu egin al zen?».
Sastreri ez zitzaizkion gauzak gauza zirelako interesatzen, ez zuen datu harrigarri bilduma egitea helburu, baizik eta «nolatan heldu gara garen bezalakoak izatera» aztertzea. Izan ere, neurri batean, behintzat, «gauzek definitzen dute zibilizazioa».
«Dena ez da infernu»
Bat baino gehiago dira Pablo Sastrek azterketa horretatik atera dituen ondorioak. Nabarmenetako bat da aurrerapen teknologikoari lotutako progresoaren ideiaren arbuioa. «Nik ez dut teknologia, orokorrean hartuta, gaitzesten, baina bai prebenitzen dut, neure burua behintzat prebenitzen dut, gero eta teknologia konplexuagoen aurrean. Esaterako, etxe robotizatuetako teknologia, edo halako herrialdeetako nekazariei, gaixoak pobreziatik atera daitezen eta progresoaren onurak ezagut di- tzaten, asmorik onenez edo makurrenez helarazi nahi zaien teknologia. Hori da egun proposatzen diguten teknologia bakarra. Baina beste teknologia ere bada, nork bere eskuko edo auzoko artisauaren eskuko teknologia. Horren aldekoa naiz ni».
Etorkizunari begira, Sastre ez da batere optimista -«horrela jarraituz gero, hondamendira goaz»-, baina ez du horregatik amore ematen. «Marcopolok esan omen zuen infernu mundu honetan badirela ez sufritzeko bi modu: bata da infernuaren parte izatea, infernuan ez zaudela sentitzeraino; bestea, berriz, infernu horretan zer ez den infernu ikustea eta hura zabaltzen saiatzea da. Nik ez dut uste mundu hau infernua besterik ez denik, badira txoko batzuk, erreferentzia batzuk. Adibidez, nola egiten ziren gauzak lehenago?, nola egiten dituzte beste herrialdeetan?».
Egungo gizartearen kritika askotan egin bada ere, Sastrerena «berezia» dela nabarmendu zuen atzo Xabier Mendiguren editoreak. «Berezia da egiteko modua; izan ere, ez du modu ideologikoan egiten, horrela hondamendira goazela-eta esaka, baizik eta poltsa edo boligrafoaren historia oinarritzat hartuta. Pablorena oso liburu originala, pertsonala eta sakona da. Grazia handiz idatzita dago, baina, dudarik gabe, bere aportaziorik funtsezkoena edukia da, gogoeta egitera eta hainbat gauza zalantzan jartzera gonbidatzen gaituena. Liburu guztiek aportatzen dute zerbait, baina batzuek zerbait baino gehiago. Ez nuke esango liburu honek norberaren bizitza alda dezakeenik, baina bizitza ikusteko eta batez ere gauzei begiratzeko modua bai, dudarik gabe. Eta hori asko esatea da».
Elkar Fundazioak ematen dituen Joseba Jaka beketako bat eskuratu zuen Pablo Sastrek «Gauzen presentzia» idazteko. Liburua Elkar argitaletxeak plazaratu du, «Eztabaida» sailean.