Xabier iragorri Abertzaleon Oihartzuneko kidea
Txintxin... diruaren hotsa? Oiartzunen bai
Hurrengo urteetan 2.000 etxebizitza egin daitezen interes handia dute oraingo korporazioko EA eta PNV alderdiek. Gaur egun Oiartzunen dauden 3.700 etxebizitzen erdia baino gehiago egin nahi dituzte berriak. Politikariek herritarren eta batez ere gazteen etxebitza-beharrak erabili dituzte aitzakiatzat, nahiz eta jakin 570 etxebizitza bakarrik izango direla erabat babes ofizialekoak.
Udaletxeko kudeaketaren gai nagusia izan dute arau subsidiarioak berritzea. Baina jendeak jakin dezala: oso berezia izan da onarpenaren prozedura. Oso pertsona gutxik izan dute prozesuan eragiteko aukera: Beramendik eta kontratatu zuten IKAUR enpresako Alberto Zabalak. PNVk berak eta IU-Aralar taldeak ere adierazi dute kontrako jarrera eta botoa prozesu hau ezkutuan eraman delako: Udaleko teknikari ia guztiak bazterrean utzi, eta beren alderdietako zinegotzi askok ere ez dute inongo berririk izan.
Hala ere, larriena hau izan da: hainbat partikularrek eta herriko elkarteek erakutsi duten parte hartzeko nahia eta eskaini dituzten proposamen eta lan guztiak baztertu dituztela automatikoki, nahiz eta Beramendik behin eta berriro saldu digun herritarrak kontuan hartuak izan direla eta prozesua gardena izan dela.
Oiartzunen inoiz ikusi ez dena egin du Beramendik: arauak behin betikoz onartu baino lehen, 2.000 etxebizitza horietatik 1.500 etxebizitza egingo dituzten bi konstruktora garrantzitsurekin (Brues eta Amenabar) konbenio eta akordio ekonomikoak onartu ditu. Onarpena EAko zinegotziekin ematen joan da azken plenora arte: oiartzuarren botoen %20k bakarrik baimendu ditu arau hauek.
Prozesua itxurakeriaz jantzi dute: propaganda bikainak, Usategieta hotela aurkezpenak eta lanketak egiteko... Gastu horiek denak noren kontura?
Hala ere, hori guztia ez dute nahikoa izan, apirilaren 19ko azken plenora arte, PNVren babesa jasotzeko. Beti azaldu izan dira arau subsidiarioak berritzeko prozeduraren aurka. Zer gertatu zen egun horretan plenoan PNVko 4 zinegotzitik Sistiaga bakarrik azaltzeko? Eta PNVren izenean baiezkoa emateko?
Handik astebetera Oiartzun Bai plataforma aurkeztu zuten EA eta PNVk, edo hobeto esanda Beramendi (EA) eta Kortajarenak (PNV). Zerrenda honetan bigarren doa Sistiaga. Etikoa ote da hain nabarmen inmobiliariekin lotuta dagoen nagusi bat plataforma honen sortzailea izatea?
Gure datuen arabera, ez dira kasualitate hutsak. Horrenbeste interes sortu ditu eraikuntzak, non etxegintza alorreko enpresek enbaxadore ezagun bat bilatu duten, Oiartzunen bere alderdi barruan ordena jartzeko eta interes hauek ongi babestuak jarrai dezaten hurrengo legealdian ere. Oiartzun Bairen sorreraren arrazoia ote?
Oiartzuarren etxebizitza beharren kontura negozioa egitea ez zaigu zilegi iruditzen. Alderdien erabakien gainetik ere interes ekonomikoak gailendu dituzte, alderdiak erabiliz negozioa mantentzeko. Ez diegu utziko. Oiartzuarrek jakin behar dute arau subsidiarioak oraindik ere legealdi berriarekin batera alda daitezkeela. Horregatik ditugu errekurrituta. Gure ustez, etxegintza masibo eta lukratiboari ezezkoa eman eta benetako behar errealei eta kolektibo zehatzei (gazteei) erantzun positiboak (prezio eskuragarrietan) eman behar dizkiegu (alokairu merkeak eta babes ofizialeko etxeak).
Hurrengo hauteskundeak irabazi behar ditugu Oiartzungo etorkizuna oiartzuarren beharren arabera antolatzeko.