Errugbia Agilera
Biarritzek sailkapeneko lehenengoa hartuko du
Lapurtarrek ezinbestekoa dute gaur 15.10ean jokatuko duten norgehiagoka irabaztea, Ligako bigarren fasean sartu ahal izateko
Jon LEUNDA | BAIONA
Biarritzek garantzi handiko neurketa izango du gaur 15.10etatik aurera Agilera estadioan. Aurrez aurre Stade Français izango du, eta zuri-gorriek finalerdietan izateko txartela dute jokoan.
Aurkari gogorra da, eta azken urte hauetan bai lapurtarrek bai eta paristarrek ere elkarren aurka partida garrantzitsu asko jokatu dituzte, baina gaur zuri-gorriak dira jokoan gehien dutenak. Stade da sailkapeneko lehenengoa, eta bi puntu nahikoa lituzke finalerdietako txartela segurtatzeko. Gaurkoarekin hiru jardunaldi falta dira Liga amaitzeko, eta frantziarrek ez lukete arazorik izan behar bi puntu horiek lortzeko.
Biarritzek, aldiz, joan den larunbatean lortu zuen laugarren postua Perpinyan irabazita, eta postu horri eutsi beharra dauka. Gaur galduta ere jarraitu dezake lehen lauetan, baina abantaila emango lioke Perpinyari.
Euskaldunak ez dira batere denboraldi ona egiten ari, eta garbi dago gaur Stade mendean hartu behar baldin badute, joan den larunbatean Perpinyan jokatu zuten bigarren zatiaren parekoa egin beharko dutela. Lehenengoaren parekoa egiten badute, oso zaila izango baita sailkapeneko lehenengoa mendean hartzea.
Jokalariei dagokienez, Traille, Peyrelongue, Malonga, Harinordoki, baja izango dira. Azken orduko aldaketarik ez bada, honako hauek osatuko dute zuri-gorrien hamabostekoa: Balan, Noirot, Lecouls, Thion, Dellape, Betsen, Dridi, Lievremont, Yachvili, Bosch, Bobo, Masi, Gaitan, Bidabe eta Brusque. Hau baieztatzen baldin bada, hauek geratuko dira aulkian, aukeraren baten zain: Couzinet, Carizza, Dupuy, Cabannes eta Gobelet.
Skrela itzuliko da
Paristarren artean, Skrelaren itzulera izango da nabarmenena. Frantziarrak orain dela hilabete pasa min hartu zuen, eta gaur itzuliko da taldera, eta azken orduko ezusterik ez bada, gainera, hasierako hamabostekoan izango da. Bestetik, Galthie, Hernandez eta Messina baja izango dira talde frantziarrean. Liebemberg, aldiz, zalantza, da eta azkeneko unera bitarte ez da jakingo jokatuko duen ala ez.
Nahiz eta partida hasteko iragarrita dagoen ordua ez den onena, Agilerako harmailek itxura bikaina izango dute, aurkari handia izango baita han, eta Biarritzek asko baitu jokoan. Bertaratzerik ez dutenek, ordea, Frantziako Canal + telebista katetik ikusi ahal izango dute neurketa.