GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Tolosan punturen bat lortzea izango da Avironen lehen helburua

J.L. | DONOSTIA

Avironek ere garrantzi handiko norgehiagoka jokatuko du gaur Tolosan 18.30etatik aitzinera. Lapurdiko hiriburukoen asmoa, gutxienez punturen bat lortzea izango da.

Zaila, oso zaila da partida hau. Tolosa sailkapeneko hirugarren postuan dago, eta Liga irabazteko hautagaietako bat da. Okiztaniako taldeak ez dauka, ordea, finalerdietako txartela segurtatuta, eta haientzat ere garrantzizkoa izango da partida hori.

Aviron azkenaldian ongi ari da, eta liga hasiera negargarri haren ordaina jasotzen ari da orain. Hala ere, jaitsierako postuetatik kanpo dago, eta hortxe jarraitu nahi du jardunaldi honen amaieran.

Jakin badakite gaur irabaztea oso zaila dela, baina horrelako ezusteak ere gertatzen dira, eta hori aprobetxatu nahiko dute. Galduta ere, punturen bat lortzea garrantzitsua izango litzateke zuri-urdinentzat, eta hori ere buruan dute. Defentsako bonusa ez bada, erasokoa izaten ahalginduko dira, orain dela hiru aste gertatu zen moduan.

Garaipena eskuratuko balute, berriz, Biarritzi ere mesede handia egingo lioke talde baionarrak, nahiz eta bi talde euskaldunen arteko harremana ez den onena.

Gaurkoa amaituta, bi jardunaldi geratuko dira Liga amaitzeko, eta Avironi partida bakarra geratuko zaio Jean Dauguerren jokatzeko. Ahalko balitz, hantxe bertan ospatu nahiko lukete mailari eustea, baina horrek ez dirudi erraza izango denik. Emaitzak, bai bereak, bai eta aurkarienak ere, Avironen oso aldekoak izan beharko lukete. Dena dela, Baionan azkeneko jardunaldirako ere ari dira prestatzen, eta zaleek ez dituzte bakarrik utziko.

Bi hutsune

Jokalariei dagokienez, Avironek bi hutsune bakarrik izango baititu, eta Vermis eta Bernard izango dira, gainerako guztiak jokatzeko moduan baitira. Hala ere, zalantzan dabilena Dourthe da baita Linde ere. Ez daude onenean, eta litekena da biak hasieran aulkian geratzea, bestela geratzen diren bi partidetan jokatzeko moduan ez izatea ere ez bailitzateke arraroa izango.

Avironek ez du hamabostekoa adierazi, baina eman du deialdia osatzen duten jokalarien zerrenda, eta honako hauek dira: Usandizaga, Coetze, Laurent, Hil, Tomuli, Bergez, Linde, Tewhata, Massabeau, Gratchev, Davies, Deeen, Tilloles, Fernandez Miranda, Rouet, Fraser, Dourthe, Lhande, Hegarti, Audrin, Iñigo, Thierry eta Fronmont.

Tolosarrei dagokienez, bi baja izango dira, ez Dusatoir, ez eta Albacete ere ez baitira arituko. Biarritzeko jokalari ohia garrantzitsua da Okzitaniako taldean, bai eta argentinarra ere, baina zuri-urdinen zorionerako ez dira jokatzeko moduan izango, nahiz eta beren ordez arituko direnak ere onak diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo