Aitziber Larrea, Ibai Redondo, Edurne Larrañaga Euskal Herriak Bere Eskolako kideak
Dagokigun Hezkuntza Sistema eraikitzen
Guretzat funtsezkoa da Euskal Herrian eraikitzen ari garen Hezkuntza Sistema Nazionalaren oinarrian euskal herritar ororen hezkuntza eskubideen errespetua jartzea
Hizkuntza komunitate orok bere ondare kulturalaren erabateko ezagutza bermatuko dion hezkuntza jasotzeko eskubidea du...». Esaldi borobila benetan! Ziur asko munduko txoko gehienetan gauza jakina bezain ulergarria eta gauzagarria da. Euskal Herrian, ordea, euskal herritarrontzat ukatzen eta zapaltzen jarraitzen duen eskubidea da: Dagokigun Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko eskubidea, hain zuzen ere.
Ikuspegi juridikotik, nazioarteko adierazpenak gomendioak besterik ez badira ere, giza eskubideak zehaztu eta finkatzen dituzte eta bere baitan duten balio etikoa eta politikoa handia da. Areago, adierazpenetan eta itunetan bildutako printzipio eta irizpide nagusiak funtsezko betebehar bilakatu dira dagoeneko etorkizuna demokrazian eta askatasunean eraiki nahi duen edonorentzat. Estatu frantsesak Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sinatzeari muzin egin bazion ere, nabarmentzekoa da espainiar Estatuak sinatu arren, ez dagoela bi errealitateen arteko alde handiegirik.
Euskal Herrian, nazioarteko Deklarazioak de facto baliogabetu egiten dira eta euskal herritarron eskubideen urratze etengabea pairatzen dugu. Euskal herri- tarrok, ordea, dagozkigun eskubideak eskuetan hartu ditugu eta zor zaien errespetuaren aldeko lan etengabea burutzen ari gara. Frankismoaren garairik zailenetan ikastolak sortu genituen, ezarritako hizkuntza politika ezberdinek euskalduntzen ez dituzten herritarrak alfabetatzeko eta euskalduntzeko bitartekoak proposatu ditugu, euskal eskola publiko berriaren alde lanean dihardugu, bitarteko pedagogiko propioak sortzen ari gara, Euskal Herri osorako Euskal Curriculumaren sorrera prozesua bururaino eramango dugu, etabar luze bat.
Egin dugun eta egiteke dugun bide luze horretan, Euskal Herriaren Oinarrizko Hezkuntza Akordioa mugarri garrantzitsua dela uste dugu. Aspaldi honetan era sakabanatuan diharduen Euskal Herriko hezkuntza esparruko eremu zabalena biltzen ari den akordioa da. Gainera, herri honen hezkuntza beharren araberako gakoen gainean eraikitako adostasun zabala dela uste dugu: euskal herritarron hezkuntza eskubideak, horien araberako publikotasun definizio berria eta ikuspegi horretan dauden heziguneen harremantzea.
Akordioaren ernalkuntzak urrats garrantzitsua ekarri bazuen ere, ezin gara horretara mugatu; ezin dugu eraikitako adostasun berri hori paper hutsean gelditzen utzi, aurrerako urratsak egiten jarraitu behar dugu. Euskal Herriak Bere Eskolak hor jartzen ditu gaur egingo diren Nazio Jardunaldiak, dagokigun hezkuntza sistema nazionalaren eraikuntzan aurrera egiteko urrats praktiko berria izango da, guztion iritzi, truke eta parte-hartzearekin egingo diren urrats berrien abiapuntu.
Euskal Herriak Bere Eskolarentzat funtsezkoa da Euskal Herrian egunez egun eraikitzen ari garen Hezkuntza Sistema Nazionalaren oinarrian euskal herritar ororen hezkuntza eskubideen errespetua kokatzea. Dagozkigun hezkuntza eskubideak erakarri behar ditugu lehen lerrora eta eskubide hauen aitortza eta bermearen magalean eraiki behar dugu herri honek nahi eta behar duen hezkuntza sistema. Era berean, hezkuntza eskubideen errespetuan jarduten duten Heziguneen harremantzea halabeharrezko bihurtu zaigu herri bezala aurrera egin eta estatuek inposatu dizkiguten eztabaida antzuak albo batera utzita, gurea izango den sistemaren oinarriak parte-hartzeko moduak zertzelatzen jarraitzeko. Euskal herritarrok hezkuntza sistema propioa eraikitzearen bidean urratsak egiten jarraituko dugu.