GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azpeitian, euskararen ofizialtasuna eskatuko du beste behin ere EHEk

Makina bat herritarrek euskaraz osoki bizitzeko dituen zailtasunei aurre egiteko EHEk berebiziko jotzen du udalen esku-hartzea . Horiek hala, UEMAn barneratzeko deia egin du, garrantzitsu irizten baitio, hizkuntza normalizazioa garatuko bada. Era berean, ofizialtasuna ezarriko duen beste esparru bat lortzea ere ezinbesteko jo du. Eskaera horiek guztiak entzunaraziko ditu bihar egingo duten IV. Hizkuntza Eskubideen Egunean.

GARA | AZPEITIA

Hasiera batean asmoa Atarrabian egitea bazen ere, bertako Udalaren ezezkoak jaia Burlatara eramatera behartu zituen. Bertako Udalak, ordea, ezezkoa eman zion berriz ere EHEri. Azpeitian egingo du azkenik, erakundeak bihar IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna eta egitarau oparoarekin, gainera. Baina, ekitaldiarekin batera, UPNk eta PSNk Atarrabia eta Burlatako udaletan erakutsitako jarrera ere salatu nahi dute eta horregatik, gaur arratsalderako manifestazioa antolatu dute. Atarrabiako udaletxearen paretik abiatuko dira 17.30ean eta Burlatakoaren pareraino iritsiko da.

EHE erakundearen esanetan, jaia Azpeitira eramatea ez da kasualitatea. Izan ere, duela gutxi Estatu espainoleko Justiziak herri horretako udal-ordenantza bat baliogabetzat jo zuen, euskara inposatzen zuelakoan. «Hala ere, erdaldunen hizkuntza eskubideak aski bermaturik dauden bitartean, Azpeitian euskaldunon hizkuntza eskubideek urraturik jarraitzen dute: osasun etxean, epaitegian, lan munduan bai eta udalaren esparruetan ere», salatu du eta biztanleen %90 euskalduna izanik ere, egun euskaldunek euskaraz osoki bizitzeko dituzten zailtasuna handiak direla ere nabarmendu du ere.

Aspaldian egin duen bezala, EHEek bihar beste behin euskararen ofizialtasuna lurralde osoan ezarriko duen beste esparru bat aldarrikatuko du, hizkuntza eskubideak bermatzeko hizkuntza politika berri batekin batera, Euskal Herria euskalduntzeko urrats garrantzitsu hori egitea ezinbesteko jotzen baitute.

Bide horretan, udalek eus- kararen ofizialtasunaren gauzapenean eta euskararen normalkuntzan duten pisua berebi- zikoa dela uste dute, bai herriarengadik gertu dagoelako bai eta hizkuntza normalkuntzan urrats garrantzitsuak egin ahal izateko hizkuntza politikak garatzeko ahalmen propioak dituelako ere.

Horiek hala, «gune euskaldunetan euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaltzea eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lur-gunea antolatzea» helburu duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean UEMAn sartzera dei egin dute. Izan ere, euskararen normalizazio prozesua gauzatuko bada, udalerri euskaldunen eginkizuna oso garrantzitsua dela nabarmendu du EHEk.

Era berean, arlo formaleko zereginetarako lekurik egin ez zaionez, horietan erdera sartu dela adierazi du EHEk eta UEMAren xede nagusienetakoa erdarak betetzen dituen funtzio nagusiak euskararako bereganatzea dela nabarmendu du erakundeak. Hala, egungo legeriak era eta maila batean edo bestean euskaraz bizitzeko herritarrei aitortzen dien eskubidea administrazioari dagokiola nabarmendu du. «UEMAren zeregina hori gauzatu dadin beharrezko neurri guztiak hartzea eta giza harremanak herriko sektore guztietan normaltasun osoz euskaraz egin ahal izateko bideak zabaltzea; bai eta asmo horrekin bat egiten duten udalerri guztiak koordinatu eta plangintza baten inguruan egituratzea ere», azaldu du.

Besteren artean, Kontseiluak jaiarekin bat egin du.

Egitaraua

GAUR: ATARRABIA

17.30 Manifestazioa Atarrabiako udaletxearen paretik Burlatara.

BIHAR: AZPEITIA

10.30 Diana dultzaina jotzaileekin eta suziriak.

11.00-14.00/16.00-18.00 Euskaraz Bizi Gunea Herriko plazan.

11.00-13.00 Hizkuntza Eskubideen IV. Nazio Bilkura.

13.00 Manifestazioa «Euskara ofiziala herri guztietan-Euskal Herrian» leloarekin.

13.30 Ekitaldi Nagusia Herriko Plazan.

14.30 Herri-bazkaria Berdura plazan.

17.30 Dantzaldia Tximeleta taldearekin. Ondoren, Tuboskapi eta Stierkools taldeen kontzertua Herriko Plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo