«Dagokigun hezkuntza sistema eraikitzen» Nazio Jardunaldiak egingo ditu gaur NEGk
GARA | DONOSTIA
Nazio Eztabaida Guneak Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren inguruko eztabaida egingo du gaur «Dagokigun hezkuntza sistema eraikitzen» izendatu duten Nazio Jardunaldietan.
Hitzordua Donostiako FIHEZI Fakultatean jarri dute 9.45ean, eta nahi duen orori parte hartzeko deia egin diote. Eguneko programa ordu horretan abiatuko da parte-hartzaileei harrera eginda. Hamarretan, berriz, Nazio Eztabaida Guneko Hezkuntza Batzordeak sarrera egingo die jardunaldiei.
Ondoren, lantegiak egingo dituzte hainbat gai jorratzeko. Landuko diren arloen artean dago hezkuntza eskubidearen afera. Atal horretan, lantegietako parte-hartzaileek eskola bidez euskalduntzea, euskal curriculuma, hezkidetza, etorkinak, parte-hartzea eta euskal unibertsitatea landuko dituzte.
Elkargunearen premia
Bigarren lantegi batean eztabaidatuko dute publikotasunaren aferaz; eta hirugarren batean, berriz, ikastetxeen arteko elkargunearen premiaz.
Ondoren, eta atseden baten ostean, parte-hartzaileek jorratutako gaien inguruko ondorioak aterako dituzte.
Gaur egingo diren jardunaldiak Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren edukia gizarteratzeko prozesuan beste urrats bat dira.
Nazio Eztabaida Guneak Burlatan egindako biltzarrean hitzartu zuen euskal hezkuntza sistema propioaren gaineko eztabaida sustatu eta ikastetxez ikastetxe zabaltzea, arlo horretan erreferentzialtasuna duten pertsonek hitzartutako akordiotik abiatuta, gisa horretan ekarriak jasotze aldera. Guztia euskal hezkuntza sistema propioa definitzeko helburuarekin.