GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizkaiko gazte asanbladek Bakion dute zita hilaren 18an

Bizkaiko hainbat gazte asanbladek, «Kapitalismo basatiari, proiektu txikitzaileei STOP!» leloarekin, manifestaziora deitu dute hilaren 18an Bakion. Mobilizazio horren helburua «interes ekonomikoen harira egiten ari diren sarraski guztiak gelditzeko indarrak biltzea» da. Datorren egunetan, deialdia herrialdeko gazte asanblada guztietara zabalduko dute.

Beñat ZARRABEITIA |

Bilboko Alde Zaharreko Zazpi Katu Gaztetxearen atarian agerraldi publikoa egin zuten atzo Bizkaiko hainbat gazte asanbladeetako kideek. Deialdiaren bultzatzaileek, manifestu baten bitartez datorren maiatzaren 18an, «Kapitalismo basatiari, proiektu txikitzaileei STOP!» leloarekin, Bakion egingo duten manifestazioaren berri ematea zuten. Solokoetxeko eskaileretan dagoen eraikin okupatu aurrean egon ziren gazte asanbladak ondorengoak izan ziren: BGA (Bakio), Hori Bai! (Larrabetzu), Ingule (Mungia), Zapelatza (Arratzu), Bizi Gara (Ea), Durangaldeko Koordinadora eta LGA (Lekeitio). Guztiek, atzo plazaratutako agiria eta deialdia iragan den apirilaren 27an Bakion bertan egin zuten bileran eztabaidatutakoaren ondorioa da. Hala ere, deialdia Bizkaiko beste gazte asanblada guztiei zabaltzeko asmo irmoa dute.

Manifestua landu duten gazte asanbladetako kideek esan zutenez, «badator abiadura handiko kapitalismoa, munduan eta Europan kapitalismoak daraman abiadurak hondamendia dakar eta Euskal Herria ez da salbuespena». Euren aburuz, «egun sufritzen ditugu geure larruazaletan kapitalismo basatiaren ondorioak, interes ekonomiko pribatuen mesedeetan, haien tamainako mundua eraikitzen ari dira munduaren jabe dirudunak». Izan ere, «Europa kapitalista eraikitzeko saiakera horretan beharrezkoa dute kontinentean osatzen duten puzzle zatiak egoki jartzea».

Gazte asanblada horien esanetan, egoera hori Bizkaian gertatzen ari da ere, euren aburuz, «boterean daudenak haien tamainako herrialdea eraikitzen ari dira, euren interes ekonomiko hutsei erantzunez egundoko sarraskia eginez aberasten dira».

Egoera horren baitan kokatu zituezten «Bizkaian abian diren proiektu txikitzaileak». Horien artean «AHTren eraikuntza Durangaldean, Boroako zentrala, Lemoizen zentral termikoa, Getxon Andra Mariko etxebizitzak, Super Sur, golf zelaiak, erraustegiak edo kirol portuak» kokatu zituzten. Gazteen ustez, «inposaketa horien guztiak kapitalismoaren aurpegi bortitzenei ateak irekiko diziete». Honen ondorioz, «gazteok pairatzen bizi ditugun zapalkuntzak areagotzea besterik ez dakarrela» salatu zuten. Horiek hala, «sistemaren erasoaldia orokorra den heinean, erantzuna horrelakoa ere izan behar duela deritzogu», azaldu zuten.

Guzti honi «erantzun bateratu bat proposatu» nahi diete herrialdeko gazte asanblada guztiei Bakioko protestaldian parte hartu dezaten.

ATXIKIMENDUAK

Bizkaiko hainbat gazte asanbladak plazaratutako manifestua www.gaztesarea.net web orrialdean irakurgai izango da. Nahi duenak bere atximendua egiteko aukera izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo