GARA > Idatzia > Ekonomia

Kalitatea ikus hartuta, jarduera eremu berritzailea inauguratu dute Baigorriko haranean

Herrian lan egin eta bizitzeko xedearekin, bost artisauek Ortzaizeko jarduera-eremua sortu zuten. Egun, zortzi lantegi daude bertan. Kalitatea eta sormena oinarri hartuta, eskualdeko ekonomia eta enplegua sustatzeko proiektu berritzailea jarri dute abian.

Bada urtea pasatxo lehen lantegiak eremu berri honetan plantatu zirenetik baina, atzo, lekuko politikari nagusien parte-hartzearekin, egin zuten jarduera-gune berezi honen zabaltze ofiziala. Ekimena bost artisau ausarten eskutik abiatu zen, beren jakinduria eta jarduna bizimodua aitzina ateratzeko ez ezik, lurraldearen garapena sustatzeko asmo irmoa zutenak.

Beste lekuetan bezala, Ipar Euskal Herriko barne aldeak mundializazioaren eragina pairatzen duela ohartuta eta beren ekoizpenak merkaturatzeko Lapurdiko kostaldea biziki garestia denez, gune berezia sortzea deliberatu zuten Ortzaizeko lurretan, Baionatik Donibane Garazirat doan errepidearen pare-parean. Kalitatea, beren ofizioetan duten trebetasuna eta jendeak produktuen fabrikazioaz duen jakinmin gero eta handiagoa uztartu dituzte. Horregatik artisauen herrixka hori eremu irekia da. Nornahi joan daiteke artisau horiek nola lan egiten duten zuzenean ikustera eta, lan horren fruitua, berriz, bertan eros dezake.

Horrela, ahate produktuen, kolore biziko zeramikazko eta bustinezko ontzien, burdin forjatuzko altzairu eta lan ederren, arotz ebanistak pazientzia handiz egindako altzairuen, betiko eran egindako eskaileren, egurrezko altzairuen, eskuz egindako sandalia eta espartinen eta gazna goxoak fabrikazioaren erakusleiho aparta da Nafarroa Behereko erdian dagoen eremua.

Gehienak inguruan zeukaten lantegia baina bat egiteak beren proiektuak indartuko zituelakoan, Ortzaizen kokatu dira, bakan batzuek, lehengo lantegiak mantendu badituzte ere. Bada Maulen fabrika zuena baina, proiektu kolektiboak erakarrita, beste bat jarri du bertan.

Benetakotasuna eta sormena

Kalitatearekin batera produktuen benekotasuna eta artisauen sormena proiektuaren alde jarri nahi izan dute, ekoizpena betiko era zainduan egitea eta artisauen berrikuntza eta sormen ahalmenak balore gehituak direlakoan. Ezaugarri horiek guztiak batuta, beren jarduera garatzeko «tresna modernoaz eta eraginkorraz» jabetu direla uste dute artisau horiek.

Toki estrategiko batean kokatzearekin eta zerbitzuak (aparkalekua, promozioa...) era komunean jartzearekin beren enpresen potentziala emendatuko dutela uste osoa dute. «Turismo kulturala eta enpresa turismoa elkar hartuta, gure eskualdean enplegua sortzeko gaitasuna ukango dugula uste dugu. Kalitatezko artisautza-jarduera landalurretako ekonomiarako sekulako bultzada izan daitekeelakoan gaude», adierazi du Michel Goikoetxeak, bere emaztearekin batera, artisau herrixkaren dinamizatzaile nagusietarikoa denak.

Ortzaizeko guneak erakundeen laguntza jaso du hasieratik, Akitaniako kontseiluarena, Pirinio Atlantikoetakoena eta, Garazi-Baigorriko elkargoarena ere bai.

Hasierako bost enpresari txikiei beste hiru gehitu zaizkie eta, datorren urtetik goiti, beste lau lantegi berri instalatuko dira bertan. Gaur egungo lantegietan, guztira, 55 lanpostu daude. Jarduera-eremuaren garapenak ekimenaren hasierako espiritua gordeko duela bermatzeko, Ortzaize izenarekin, elkarte bat sorti berri dute guztien artean.

Ezagutzeko parada

Jarduera-eremua ezagutarazteko gaurtik bertatik eta datorren asteartea arte, hainbat ekitaldi antolatu ditu elkarteak. Hasteko, lantegi guztietan ate-irekitze jardunaldi bereziak izango dira, egunero, goizeko 9.30etatik arratsaldeko 19.00etara.

Egunero, bertako baserrietako produktuen azoka izanen da eta Donibane Garaziko ostalaritza eskolako ikasleek prestaturiko bazkaria dastatzeko aukera ere bai. Horrez gain, lantegietako bisitaldi gidatuak, erakusketak eta produktuen ekoizpenaren demostrazioak. Eskualdeko ikuspegia kontuan dutela frogatzearren, eremuan kokatuta ez dauden enpresentzako karpa bat jarri dute, Baigorriko eta Garaziko kantonamenduko aritsauek beren altzairuak, tximiniak, ehunak, jantziak edota egurrezko eskulturak erakutsi ahal ditzaten. Kultur ekintzak, kontzertuak eta animazioak ere lekua izango dute, batez ere, larunbata eta igandean.

Artisautza langintzaren inguruko ate-irekitze hauek lehenak dira, baina antolatzaileek urtero errepikatzeko asmoa agertu dute. Baigorriko haranean, tokiko ekonomia astinduko, garatuko eta enpleguak sortuko dituen benetako zirrara eragitea da haien helburua, «bertakoek, bertan lan eta bizi ahal izateko», esan zuen.

Enpresari horiek jarritako grina eta garra ikusirik, ez da dudarik beren asmoak egi bilakatzeko bidean ahaleginak eta bi egingo dituztela. Finean, aukera ekonomiko berri eta berezi horrek bertakoek biziarazten dituen heinean, Baigorriko harana bera biziarazteko baliagarria izango baita.  Maria AIZPURUA

azalera

Ortzaizeko artisautza eremuak okupatzen duen azalera da. Egun, 55 langile dituzten 8 lantegi daude bertan.

GOIKOETXEA BUSTINGINTZA, PROIEKTUAREN SUSTATZAILE ETA ARIMA.

Ortzaizeko jarduera-guneko gainerako artisauak aitortzen dute Michel eta Terexa Goikoetxea izan direla proiektuaren sustatzaile nagusiak. Mota eta tamaina guztietako keramikazko ontziak egiten dituzte, baita pieza erraldoiak eta bakarrak ere. Hogei langile dituen lantegiak mundu guztiko bezeroak ditu eta bere sorkuntzak babesteko, produktu guztiak munduko patentea dute.

Goikoetxea konbentzituta dago Euskal Herriko ekoizpenak «kalitatezko irudia» dutela eta, besteren artean, «enplegua sortzeko» altxor hori gorde eta garatzen ahalegindu behar dela . M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo