GARA > Idatzia > Kultura

Europako eta AEBetako jazzaren fusioa, Zarauzko VIII. Jazz Mintegian

Bartzelonako eta New Yorkeko musikari bana buru dituen jazz taldea, Maureta-Kolker NY Band, izango da Zarauzko Jazz Mintegiaren aurtengo gonbidatu berezia. Sustrai desberdineko bi konpositoreek euren esperientzia eta jakinduria ikasleen eskura jarriko dituzte.

ZARAUTZ

Uztailaren 23tik 28ra, Donostiako Jazzaldiaren 42. edizioarekin eskuz esku, izango da Zarauzko Nazioarteko Jazz Mintegiaren zortzigarren edizioa. Maureta-Kolker NY Band izango da aurtengo gonbidatu nagusia. Ohi legez, gela barruko teoria eta praktika eta kaleko kontzertuak uztartuko ditu.

Zarauzko Udalak antolatzen du eta Musikene -Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia- zuzendaritza pedagogikoaz arduratuko da. Guztira, hiru jazz maila (hastapena, erdi maila eta goi maila) eta jazz akordeoi ikastaro bat eskainiko dira. Iñaki Salvadorrek mintegia gidatuko du aurten ere.

Ikastaroetako irakasleak, aurreko urteetan izan den moduan, nazioarteko jazz arloan ospe eta izen handiko profesionalak izango dira. Horien artean izango dira Adam Kolker (saxoa), Ben Monder (gitarra), David Berkman (pianoa), Dick Oatts (Big Band), Joe Magnarelli (tronpeta), John Hebert (kontrabaxua), Josep Perez Cucurella (baxu elektrikoa), Michelle Weir (ahotsa) eta Xavi Maureta (bateria), Luciano Biondinik (jazz akordeoi ikastaroa) Joan Diaz, Sorkunde Idigoras eta Xavier Fort (hastapen eta erdi mailako jazza).

Edizio honetan arreta berezia eskainiko zaio Xavi Maureta bateria-jotzaile katalanak eta instrumentu anitz jotzen dituen Adam Kolker estatubatuarrak egin duten proposamenari.

Musikari handi horiek Maureta-Kolker NY Band boskoteko burukideak dira, eta «jatorrizko konposizioen gaineko bi ikuspuntu konbinatu dituzte». Era berean, jazzaren gaur egungo bi eszenatokirik interesgarrienak batzen dituzte: Bartzelonakoa eta New Yorkekoa. Banda horrek tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka du eta «freskotasuna, sakontasuna, sentsibilitatea eta harmonia uztartzen ditu», esan zuten mintegiko arduradunek.

Amerikako eta Europako jazza

Bi musikariek elkarlanean egindako lan diskografikoa aurkeztuko dute Zarautzen. Lan horretan, batez ere, bi liderren jatorrizko lanak eskainiko dituzte. Haien doinuak Amerikako eta Europako jazzaren arteko fusioaren emaitza dira, bi tradizioetatik gauzarik onenak hartzen dituzte eta horrek bereziki erakargarri egiten du euren musika.

Beraz, mintegiko antolatzaileek adierazi zutenez, «beren proposamenetan zentzu liriko eta melodikoa entzun ditzakegu, harmonia iradokitzaile eta zainduak, eta tradizioan oinarritutako sakontasun erritmikoak, swing-ez beteak, baina aldi berean inprobisazioaren musikan gaur egun puri-purian dauden bideak esploratu eta ibiltzen dituzte».

Boskotea osatzeko Zarautzen izango dira Dick Oats saxofoi-jotzailea, John Herbert kontrabaxu-jotzailea eta David Berkman pianista. Artista horiek ere entzute handikoak dira eta curriculum interesgarria dute. Ikasleek geletan eta publikoak mintegiaren agertokian proposamen erakargarri hori zuzenean gozatu ahalko du.

Mintegiak ehun ikasle baino gehiago har ditzake. Izena emateko epea datorren ekainaren 10ean amaituko da, eta matrikula arruntak 260 euro kostatzen du. Nolanahi ere, matrikula ordaintzen laguntzeko bekak emango ditu Zarauzko Udalak. Musikeneko ikasleek, besteren artean, %20ko beherapena dute eta zenbait diru-laguntza jasotzeko aukera ere izango dute.

Mintegian parte hartu nahi dutenak, gainera, Zarauzko Igerain edo Getariako Askizu aterpetxean gelditzeko aukera izango dute, 85 eta 140 euro bitartearen truke. Izena emateko orria bete edo argibide gehiago eskuratu nahi izanez gero, www.jazzarautz.com webgunera jo daiteke.

MAURETA-KOLKER

Adam Kolker saxofoi-jotzaile eta Xavi Maureta bateria-jotzaileekin batera, Dick Oats (saxofoia), John Herbert (kontrabaxua) eta David Berkman (pianoa) prestigio handiko musikariek zuzeneko emanaldia eskainiko dute Zarautzen.

Fitxa

Non: Zarautz (Gipuzkoa).

Noiz: Uztailaren 23tik 28ra.

Matrikula: 260 euro, zenbait beka eta beherapenekin.

Ikastaroak eta mailak:

Jazz hastapena, erdi maila eta goi-maila eta jazz akordeoi ikastaroa.

Zuzeneko kontzertuak gauero Munoako karpan

Zarauzko Jazz Mintegiak, alderdi akademikoaz gain, jazza publiko ororengana gerturatzeko helburua duela nabarmendu zuten antolakuntzatik. Hori dela-eta, jazz gauak antolatu dituzte mintegiak dirauen bitartean. Hala, irakasleek, ikasleek, hainbat jazz bandak eta taldeek kontzertuak eskainiko dituzte gauero Munoako begiratokian -hondartzatik gertu- paratuko duten karpan.

Maureta-Kolker NY Banden emanaldiaz gain, Ben Monder eta Ruper Ordorika, Luciano Biondini, The Funklab, Old School Funky Family oholtza gainean izango dira. Injuve musika birako gazte taldeak, ikasleen eta irakasleen konboak, mintegiko Big-Band-a eta jam session-ak ere izango dira.   GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo