GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kalte handiak sortu dituzte uholdeek Lapurdin eta Nafarroa iparraldean

Uholdea atean zutela eta batzuetan ura etxe barrura sartua zutela esnatu ziren atzo Sarako eta Senpereko biztanle asko. goizean uholdeak beste herri askotara zabaldu ziren itsasora bidean. Gaueko ordu txikietan izan euri jauziek sortu zituzten uholdeak Nafarroa iparraldean eta Lapurdin.

Idoia ERASO-Ainize BUTRON-Maider IANTZI-Jasone MITXELTORENA

Goizeko bostetan Urdazuri ibaiak gaina hartu zuen Sarako zenbait auzotan. Seiak eta zazpiak artean uholdea Senperera ailegatu zen, eta herri erdialdea urez estali zuen; bertan izan ziren eragin latzenak. Zazpi eta erdietarako Azkaineko zubia ezin zen zeharkatu ura gainetik pasatzen baitzen. Urdazuri ibaiak itsasora bidean egiten duen ibilbideari jarraiki, goizeko hamarretarako, Donibane Lohizune eta Ziburu Azkainerekin lotzen dituzten bideak urak hartuak zituen. Nafarroan, berriz, Elizondon, Etxalarren, Zugarramurdin, Urdazurin eta Sunbillan izan zuen eragin handien urak. Bi metro eta erdira arte ailegatu zen ur maila zenbait tokitan; Senperen, Etxalarren eta Saran, esaterako.

Irudi ikusgarri asko utzi zituen atzoko egunak Urdazuri ibaiaren ibarretan eta Nafarroako mendietan barrena. Etxeak urak estaliak, itsasontziak herrietako kaleetan zehar eta batez ere jendarmeen helikopteroak autoen gainetik eta zuhaitzetatik ur artean bakartuta gelditutako jendea biltzen. Helikoptero bitarteko salbamenduak batez ere Senperen eta Azkainen izan ziren; azken herri horretan 16 pertsona atera zituzten onik suhiltzaileek. Askotan auzokoen laguntza nahitaezkoa izan zen pertsona batzuk uretik urruntzeko.

Laguntasun eta elkartasun egintza ugari ikusi ahal izan zen herrietako biztanleen artean. «Gaur salbatu ditugu emazteki zahar bat, bost ardi eta bildots bat», adierazi zuen Azkaineko Panpi Telletxeak. Ura etxearen atarira nola ailegatzen zen begiratzen ari zirela, gertatutakoa horrela kontatu zuen Azkaineko gazteak: «Oso denbora gutxian ura asko igotzen ari zela ikusi dugu, eta auzoko ardiak uretan preso gelditzen ari ziren; orduan askatzera joan gara. Gero pentsatu dugu badagoela emazteki zahar bat auzoan ezin dena bakarrik mugitu, bere etxera joan gara eta denen artean leihotik atera dugu. Herritarren artean elkartasuna ikusi da eta kezka franko ezagunak ongi ziren jakiteko».

Herriaren erdialdean gertatzen zen hori, baina Azkaine eta Donibane Lohizune artean ibaiaren ondoan bizi den neska gazte batek elkartasuna eman beharrean jaso behar izan zuela adierazi zuen: «Gure etxea suntsitua dago; ura barruraino sartu da; altzari guztiak, argazki guztiak suntsitu dira. Autoak salbatu ahal izan ditugu baina etxean zegoena ez. Urak gainezka egin duen bitartean auzoko baten etxean egon gara. Ez zegoen argindarrik; baina, behintzat, ez zen ura sartzen».

Joseba Davant Senpereko Amotz auzoan bizi da, eta atzo goizean lanera abiatzen zela, bide guztiak itxiak aurkitu zituen. «Ezin nintzen Amotzetik atera. Senpere eta Erburu arteko bideak itxiak ziren», esan zuen. Hori ikusirik, inguruko auzokide ezagunen etxeetara joan zen, eta, gehien kaltetutako etxeetan laguntzen aritu zen egun osoan. Bera bezala beste hainbat herritar horretan aritu ziren. «Etxe guztietan jendea bazegoen. Gehienbat lohia kentzen eta altzariak ateratzen aritu gara», argitu zuen.

Herrian sartzeko bide gehienak guztiz blokeatuak zirela-eta, auzoz auzo antolatzen aritu ziren senpertarrak etxe kaltetuenetan laguntzeko. Joseba Amotz auzoan egon zen bereziki. «Ezin ginen inora joan, beraz, gure artean aritu gara laguntzen. Halere, Amotz ez da auzo ukituena izan. Urgurin askoz arazo gehiago izan dute», nabarmendu zuen.

Auzolana nabarmentzekoa izan zen Zugarramurdin ere. Urak sarrerako zubiak puskatu zituen eta bide nagusia itxia egon zen zenbait orduz. Arazoari aurre egiteko herriko jendea elkarrekin aritu zen jo eta ke. «Gau guztia aritu da trumoika, eta argitzean, 5.30 edo 6.00ak aldean, ekaitz ikaragarria izan da. Maldan gaudenez, ura fite pasatu da; bidean zubiak eta leizeetako pasabideak puskatu ditu. Herri osoa ari gara lanean, makina eta pala batzuk bazirela aprobetxatuta. Ez da jende faltarik izan, eta mantso-mantso konponduko da egoera», adierazi zion GARAri Jesus Agirre alkateak, herritarrekin batean gau eta egun kalteak konpontzen aritu zenak.

Izan ere, herria mendi kaskoan dago, eta dena lohiz zikindu zen. Auzo eta bordetara joaten diren bidexka batzuk itxi behar izan zituzten, lurra eta zuhaitzak erori zirelako. «Etxeetara sartu eta atera egin da ura, azkar pasatu baita. Gure beheitikoak ari dira gaizki pasatzen, Sarakoak, han gelditu baita hemendik joandako ura», kontatu zuen Agirrek. Euria goizeko zazpietan gelditu zela jakinarazi zuen: «Beharrik! Bertzenaz ez dakit zer pasatuko zen!». Ez dugu egundaino horrelakorik ezagutu: «83an egin zuen berdintsua, baina ez gaur bezainbestekoa».

1983ko uholdeak gogoan

Joseba Davant senpertarrak ezagutu ez bazuen ere, senpertar gehienak uholde hauek 1983an izandakoekin konparatzen aritu zirela esan zuen. «Urak auto asko hartu zituen. Amotzeko erromatar zubia urak eraman zuen. Auzoko laborari baten berrogei bat ardi uholdeak hartu ditu», jarraitu zuen. Urdazuri ibaian behiak, zaldiak, autoak eta gasolina upelak ikusi zituzten herritarrek atzo goizean esnatu zirenean. Urak lurrak utzi eta ibaiaren bidea hartu zuenean, paisaia oraindik tristagarriagoa zen zelaietako hesien kontra eta soroetan ardi gorpuak nonahi ikus baitzitezkeen.

Senpereko auzapez Christine Bessonartek 1983ko uholdeetan bezainbeste kalte izan zela nabarmendu zuen. Etxalarren ere horrelakorik inoiz ikusi gabe ziren; 1983an uholdeak izan baziren ere, atzokoak bezain handiak inondik ere ez zirela izan zioten herrian.

Bessonartek eta Azkaineko auzapez Jean Louis Laduchek Prefekturak inolako alarmarik piztu ez zuela salatu zuten. Bestalde, Senpereko auzapezak nabarmendu zuen uholdeak bazirela herriko suhiltzaileek jakinarazi ziotela.

Nafarroako biztanleek, berriz, erreken egoerak atzoko uholdeetan eragin handia izan zuela salatu dute. Izan ere, Confederacion de Aguas del Norteren agintepean daude erreka horiek, eta bazterrak garbitzea debekatzen du konfederazioak. Horiek hala, errekara erortzen diren zuhaitzak, adarrak eta gainerako hondakinak pilatu eta urtegi txikiak egiten dira.

Euri gehiegi egiten duenean gertatu ohi den bezala, kolperik latzena Senperek hartu zuen. Uholdeen eragina ekiditeko herrian eraikitzen ari diren urtegiaren lanek izan duten atzerapena domaia zela adierazi zuen herriko auzapezak.

Euri jasa izugarriak

Nafarroa aldean euriak zakarren goizeko bostetan bota zuen, baina ekaitz gogorrak zazpiak arte iraun zuela adierazi dute biztanleek. Jean Marc Bontout Biarrizko Meteo France-ko ordezkariak Senperen eta inguruetan izandako eurite azkarrak bertatik pasatutako hodei meta batekin lotu zituen. Hala, Lapurdin eta Nafarroa Beherean ekaitza sumatu bazuten ere, kalte handienak Senpere, Sara, Azkaine eta Ainhoa herrietan izan ziren. «Zenbat ur erori den zenbatzeko tresnarik ez daukagu Senperen, baina inguruetan izandakoa ikusiz, gure irudiko, kopurua 50 ml-koa izan da metro karratuko», adierazi zuen.

Meteo Francek bezperan alerta laranja zabaldu zuen laguntza zerbitzuak alertan izateko. Baina uste baino euri gehiago izan zela aitortu zuen Bontoutek. Ekaitza gaueko hamaiketan hasi zen eta goizeko biak arte iraun zuen; ur gehiena gaueko hamaikak eta gauerdi artean erori zen. «Bagenekien azkarra izango zela, baina ez genuen espero hain gogorra izango zenik. 30 mm aurrez ikusiak genituen. Hori jadanik maila oso gora da. Horrelako ekaitzak direlarik oso zaila da prebisio zehatzak egitea», argitu zuen meteorologoak. Bart gauean bertan mota bereko ekaitzak izateko irriskua dagoela azaldu zuen. «Alerta berriz piztu dugu. Eta horrela jarraituko du igandera arte. Astelehenerako, euria aurrez ikusia bada ere, ez da maila berekoa izango», bukatu zuen.

Gaueko ekaitzari dagokionez, Senpereko Amets Butronek gertatutakoa «harrigarritzat» jo zuen. «Harrigarria zen, tximista eta trumoiak denbora berean kolpeka entzuten genituen etengabe; gerla bat zegoela zidurien», esan zuen. Atzo goizean, berriz, eguna argitzerakoan argindarrik gabe zegoen etxea. Izan ere, Senpereko eta Azkaineko herrietan 930 bezero argindarrik gabe gelditu zirela adierazi zuen EDFk.

Edateko urik gabe ere gelditu dira Urdazuriren ibarreko biztanleak. Ura hartzeko estazioa eta ur-arazketa zentroa ur azpian gelditu ziren atzo, eta, ondorioz, ura kutsatu zen. Ura botiletan banatu zuen Baionako Prefekturak.

Bikote bat eta sei urteko alaba gasaren ondorioz itota hil dira Baionan

Ostegun gaueko uholdeen ondorioz gertakari larriena Baionan gertatu zen. Lapurdiko hiriburuan ekaitzaren eraginez uholderik ez zen sumatu hirian, baina Coq de la Nive auzoko etxe batean hiru lagun hilik aurkitu zituzten. Gertakaria, goizeko bostetan izan zen. Bertako etxe batean gurasoak eta bi umeak lotan zeuden, eta lur jauzi batek behera egin eta paretaren kontra egin zuen. Joan ziren suhiltzaileek jakinarazi zutenaren arabera, lurra jausterakoan etxetik hiru bat metrora zegoen 500 kiloko gas depositoa jo zuen, eta berehala kuboa hautsi eta etxeko paretaren aurka jo zuen barnean eta gasa hedatu zen. Behereko solairuan lotan zeuden gurasoak eta sei urteko alaba zendu ziren gasarekin itota. Gaineko solairuan, berriz, hemezortzi hilabeteko bigarren alaba bizirik ateratzea lortu zuten.

Atzo jakin zenaren arabera, lur jauzia goizeko bostetan izan bazen ere, goizeko bederatzietan ohartu zen auzoa gasa usaina ateratzen zela etxe horretatik. Leihoak itxiak zeudela ikusita, berehala suhiltzaileak deitzeari ekin zion.

Heldu eta hiru familiakideak hilik aurkitu zituzten, beraz, suhiltzaileek. Lehen hiru gorpuak etxetik atera zituztelarik, denbora jarri zuten haurra aurkitzeko. Auzoak lau pertsona zeudela esanda bi aldiz barneratu ziren berriz etxean umea aurkitu arte.

Aurkitu bezain laster, hemezortzi hilabeteko alaba, zauritua, Baionako erietxe nagusira bideratu zuten, eta eguerditan bertatik zabalduriko informazioetan, txikia ongi zegoela jakin zuten. Erietxetik atera bezain laster, haurra osaba baten etxera eraman zuten. Etxeari dagokionez, gas-hedatze guztia kontrolatu arte segurtasun eremu bat zabaldu zuten eta bertaratzeko bidea itxi.

Halere, lur gehiago jauzteko arriskua zegoela-eta, emeki ibili ziren lur guztia kendu arte suhiltzaileak. Auzoek argitu zutenez, arratsaldean oraindik gas usaina sumatzen zen etxetik gertu. Izan ere, Coq de la Nive auzoa Errobi ibaiaren bazterrean dago. Uztaritzeko bide zaharrean. Ibaiak alderdi horretan uholderik eragin ez bazuen ere, lur jauzia gauean egindako euri azkarrari lotu zioten suhiltzaileek.

Ibaia hurbil izan arren, azken zazpi urteotan ez zen arazorik gertatu auzo horretan. Ordura arte, urtero uholdeak izaten ziren.

Psikologia taldea abian

«Aspaldi ez zen izan ez uholde ez eta lur jauzirik ere. Gune hori ziurtatzea lortu zen azken urteotan. Ziurrenik euriarengatik gertatu da lur jauzia, baina, ezin dugu oraindik argiki zehaztu arrazoia. Zaila da jakitea nondik izan den gas ihesaldia», aipatu zuen bertan zegoen suhiltzaile batek.

Atzo, gasolina eta propano sarearen aditu batek irratian hitz egin zuen eta zilindro horiek jartzeko orduan «arau oso zorrotzak» zeudela esan zuen. «Kasu horretan zisterna etxetik hiru metrora zegoen, eta babesteko pareta txiki bat zegoen. Oraindik sobera goiz da gertatutakoaren arrazoi zehatza jakiteko», gehitu zuen.

Izan ere, gas deposito hori berrikitan berritu zuten. Baina, dirudienez, ez zuen atzo goizaldean eroritako lur kopuruaren presioa atxiki, eta behera egin zuen.

Gertakariaren eremuan, goizean goizetik Baionako agintari nagusiak eta langileak zeuden, hildako bikotearen familiarekin batera. Joan zirenen artean, Jean Grenet herriko auzapeza zegoen. Azken horrek, gas ihesaldiak etxearen gaineko aldetik igarotzen den trenbidean eragina izan zezakeen aztertzeko eskatu zuen. Era berean, zendutako familiakideak laguntzeko larrialdiko psikologia zelula bat finkatzeko ere eskatu zuen.

Bestalde, hildakoak Baionako Herriko Etxean lan egiten zutela gogoratu zuen auzapezak. Horrenbestez, gertakariak «oso hurbiletik» ukitzen ziola nabarmendu nahi izan zuen.

Halaber, bikotea herriko familia ezagun baten haurrak zirela nabarmendu zuen eta gertatutakoa «larria» izan zela berriz ere adierazi zuen. Azkenik, auzapezak jakinarazi zuen Estatu frantseseko Jacques Chirac lehendakariaren elkartasun deia izan zuela arratsalde-partean. Coq de la Nive auzotik igarotzen den Errobi ibaiak pasabidean uholdeak eragin zituen ere bai. Ibaiertzean etxebizitza gutxi dagoenez, horiek ez zuten Urdazuri ibaia bezainbat kalterik eragin.

Baionako Meteo France egiturako ordezkari Jean-Marc Bontout meteorologoak argitu zuen. «Bi motatako uholdeak izan dira. Bata, Senpere aldean izan dena. Hori eroritako euri kopuruaren ondorioa da. Errobi ibaian izandako uholdeak, berriz, mendian izandako euriarengatik gertatu dira», nabarmendu zuen Jean-Marc Bontoutek. «Ez dakigu zuzen zenbat mililitro erori diren mendian, baina, jakinez, Donibane Garazin eta Zokoan 20 erori direla, suposatzen dugu eta ura, gehienbat, bertan izan dela», bukatu zuen esaten Meteo France egiturako ordezkariak.   GARA

Lurrorotako autoa

Etxalarren dagoen Antsolokuetako urtegiaren ondoan aparkatuta zegoen 4x4 edo lurrorotako automobil bat eraman zuen errekaren urak atzo goizean. Herria zeharkatu eta gero, beherago dagoen urtegian gelditu zen.

erruloekin lasterka

Ile-apaindegian harrapatu zituen urak Elizondoko zenbait bizilagun, eta suhiltzaileen besoetan atera ziren, oraindik erruloak buruan. Paularenako auzotar batzuek, berriz, etxea utzi zuten badaezpada ere, ustezko gas isuri batengatik.

ministroaren bisita

Estatu frantseseko Barne ministro François Baroin Senperen izan zen atzo, eta hondamendi naturala dela-eta diru-laguntzak arin iritsiko direla hitz eman zuen. Txostena maiatzaren 31n aztertuko da ministerioarteko batzorde batean.

herri urrats

Seaskako ikastolek Senpereko aintziraren inguruan maiatzaren 13rako antolatu duten Herri Urrats besta aurrez ikusi bezala iragango da. Uholdeak auzo horretan galera handiak sortu baditu ere, ahalegin guztiak egingo direla esan du Herriko Etxeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo