GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Baskoniaren zaleak, urritasunean ugari eta zaratatsuen artean zaratasu

B igarren urtez jarraian, baskoniazaleak izan dira taldearen onena Lauko Finalean. iaz bizi izandakoaren errepikapen bat balitz bezala, pabiloian eta kalean txapeldun direla erakutsi zuten. Zenbakiz gutxiago izanagatik, animoetan handi izan ziren eta Atenas bezalako hiri zaratatsu batean, galduta ere, euren animo oihuak entzun ziren.

Jon ORMAZABAL

Baina Lauko Final bat saskibaloi hutsa baino askoz gehiago da, eta atzoko egunaz ederki gozatu zuten gasteiztarrek arratsaldean OAKAn zetorkienaren arrastorik izan gabe. Zenbakiz gutxiago izanagatik, 1.200 inguru, eta munduko hiririk zaratatsuenetako batean egon arren, Baskoniaren aldeko oihuak ozen entzun ziren, bai kalean baita pabiloian ere.

Arratsaldean ezingo zutela- eta, goiza aprobetxatu zuten zale euskaldunek Atenas «konkistatzeko». Zirkulazio itogarriaren gainetik, «Baskonia, Baskonia» eta «a por ellos» entzun ziren.

Akropolia eta gainerako toki turistiko-historikoak gaurko utzita, atzokoa saskibaloiari eskainitako eguna izan zen. Hitzordua Euroligak Sintagma plazan antolatutako saskibaloi kantxen inguruan zegoen. Izan zen CSKA Mosku zaleen aurka partidatxorik antolatu zuenik -emaitzaren inguruan hobe aipamenik ez egitea-, baina kaleetan gainerako taldeetako zale askorik ez zegoela baliatuta, Gasteizko taldea animatzea izan zen goiz-pasarako planik erabiliena.

Hala ere, Atenasko jendearengan atentziorik gehien eman zuen ekitaldia Plaka auzoan zehar Gasteiztik joandako erraldoien atzetik egindako kalejira izan zen. Festetan horren kasu gutxi egiten zaien txaranga eta erraldoi konpartsek arrakasta itzela izan zuten Euskal Herritik ehunka kilometrora, eta atzetik ehun bat lagunek osatutako kalejira ibili zen.

Erdigunean ez, baina El Pireoko portuaren inguruan ibilitako baskoniazale apurrek dezenteko babesa jaso zuten; izan ere, auzo horretako saskibaloizaleek, gasteiztarren aurkaria atzo Pana- thinaikos zela jakinda, azkar ahaztu zuten euskaldunek Lauko Finaletik at utzi izana.

Olympiakoseko zale batek esan zigunez, hiriko bi talde indartsuenen zaleen arteko lehia munduan den gogorrenetakoa da; poz handiagoak izan dituzte ondokoen porrotekin beren taldearen garaipenarekin baino.

Sarreren mafia

Hala ere, hiriko luxuzko hotel batean Josean Kerejeta taldeko presidenteak Cristobal Badenes Taulell etxeko presidente ohiari klubaren urrezko intsignia ezartzen zion bitartean -datorren urtean babesle berri bat izango ote?-, oso bestelako salerosketa ekonomikoak egin zituzten Sintagma plazan bertan.

Jakina da euskal zale askok sarrerarik gabe egin zutela Atenaserako bidaia, eta txartel guztiak Panathinaikoseko zaleen- tzat izango zirela uste bazen ere, plaza enkante erraldoi bihurtu zen. Goizeko hamaiketarako, sekulako azoka klandestino erraldoia eratu zen, eta orduek aurrera egin ahala, prezioek nabarmen egin zuten behera.

Lehen orduan, produktuak fresko zeudela-eta, 1.000 euro eskatzen zituzten lau partidetarako bonoarengatik, ia angulen pare!!! Normalada den bezala, eskaintzak eskaria gainditu zuen, eta lehengaiak hondatu aurretik prezioak merkatu ziren.

Ordu erdi geroago, bazen bonoa 500 euroan erosteko prest agertu zen baskoniazalerik, baina tratua ixteko gertu zirela, 350ean saltzeko prest zegoenik ere azaldu zen. Enkante etxe batean bageunde bezala, denen harridurarako, 100 sarrera zituen «espainiar» bat agertu zen inguruan, sarrerak saltzeko presa zuela-eta, supermerkatuan bezala, eskaintzak egin zituen, eta betiere erositako kopurua handiagoa zen heinean prezioa merkatzen joan zen.

Azkenean, atzoko soilik, sarrerak 100 euroan erosi zituzten askok; beste batzuek, berriz, azken orduko arazo bat zela-eta, Amurriora itzuli behar izan zuen talde baten sarrerekin ikusi ahal izan zuten lehia, leihatilako prezioan.

 
ANV-EAEko ikurra OAKA pabiloian ikusgai izan zen

Garai berrietara egokitzeko sekulako gaitasuna erakutsi zuten Baskoniaren zaleek; izan ere, Euskal Herrian inpugnazioak eta ilegalizazio arriskuak puri-purian diren honetan, ANV-EAEko ondo ikusgarri jarri zuten, euskal presoak etxeratzearen aldeko oihal baten ondoan, euren txokoan. J.O.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo