Albiste larriak eta lehentasunezko betebeharra
Askatasunak atzo plazaratu zituen albisteak oso larriak dira, eta euskal preso politikoen gaur egungo egoeraz jabetzeko oso seinale txarrak, inondik inora. Bi preso beren buruaz beste egiten saiatu dira; beste biri, gaixotasun larri eta kronikoak dituztelako dagokien askatasuna ukatu diete; preso batek epilepsia krisia izan du; euskal preso bati jipoia eman diote espetxean... Sakabanaketa eta bakartze politikak oso ondorio kezkagarriak ekarri izan dizkie orain arte euskal presoen kolektiboari eta haien lagun eta senitartekoei. Baina, antza, Estatu espainoleko eta frantseseko agintariak presoak oraindik ere gehiago estutzeko gai direla erakustean tematuta daude. Gauza jakina da presoak ez direla pertsona soilak, eta aplikatzen dieten politika ez dela espetxe politika soila. Presoek, haien senitartekoek, haien laguntzan aritzen diren sendagileek... salatu ohi dute osasuna tortura tresna dela Euskal Herria mendean daukaten bi estatuen aparatuentzat. Medikuen arreta oztopatzea, gaixotasun larria duten presoak kaleratzea ukatzea... krudelkeria dirudi, baina hori baino zerbait okerragoa da. Ondo diseinatutako politika baten adierazle dira. Debekuak nagusi diren egun hauetan ere, ezin da ahaztu seiehun euskal herritar estatuen indarkeria lehen lerroan nozitzen ari direla. Bakea ezartzeko unean haien sufrimendua bukatzeak lehentasuna hartu behar du.