Saioa Agirre, Iñaki Larrazabal Ibaetako Ikasle Abertzaleak
Bologna geldituko dugu
Azken aldian hainbeste entzun den Bologna prozesuak aurrera egiten du. Interes ekonomikoetan oinarritutako prozesuak, aldaketa sakona eragingo du; unibertsitatea elitizatu, pribatizatu, merkantilizatu eta homogeneizatu egingo du. Boteretsuen hazkunde ekonomikoa du helburu bakarra. Hezkuntza salerosketarako produktu bilakatuko duen prozesu horrek, herri gisa ditugun berezitasunak zapaldu eta gure izaera galbidean jartzen du. Gure herriaren garapena ez du bermatuko; gure hizkuntza hirugarren mailako hizkuntza bilakatuko da unibertsitateetan; eta gure kulturaren transmisioa kolokan geratuko da.
Euskal ikasleon eskubideen urraketa sistematikoa ekarriko duen inposaketa horrek baditu erantzuleak: EHU-UPV («Euskal Herriko Unibertsitatea»?) beraien artean. Enpresen, Bruselaren eta Madrilen esanetara makurtu eta Bologna Prozesu neoliberalaren aplikatzaile zuzen bilakatu da. UPV erantzule den heinean; campus eta fakultate ezberdinetako errektoreorde eta dekanoen aurpegiak kokatzen dira. Prozesua isilean aplikatzearekin batera; inongo informazio argirik eman gabe, hitz eta azalpen politak erabiltzen dituzte, eztabaida sakon eta zabalerako aukera eskaintzeari uko egiten diote, «goitik datorren proiektua» dela argudiatuta.
Jakin dezatela, Bologna prozesuaren erantzule eta aplikatzaile diren horiek guztiek, euskal ikasleria ez dagoela prest inposaketa berririk onartzeko eta aurrean izango dutela.