GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Erosotasuna

Badira lau urte leloa entzuten hasi ginela. Orduan PSOEren eta PPren ahotik batez ere, baina egunotan gainerako guztienetik, Aralarrenetik izan ezik, jakina. Hau da, Alderdien Legea onartezina dela uste dutenek ere ezker abertzalearentzako aukera gisa aurkezten dute Aralar. Zilegizko aukera, izan ere, nahi duenarentzat. Baina aholku hori ematen dutenek zergatik ez dute berentzat hartzen? Zergatik PSOEkoek ez diote Ezker Batuari botoa ematen, EAJkoek EAri, PPkoek Falange Española de las JONSi, eta abar? Badakit: alderdi edo hautu propioa dutelako, eskuin muturreko taldeetakoek barne; horiek, gainera, monsinoreren bedeinkazioarekin. Eta haiek bezala hautu propioa izanda aukeratzeko esku- bidea urratuta duten milaka herritarrei beste hautu bat, euren begikoa, eskaintzen diete, herri honetan aspaldi luze-luzetik ezarritako ohitura demokratikoaren arabera.

Lerro hauek idazteko orduan ez dakigu, Euskal Herrian behintzat, ezker abertzalearen zerrendek aurkezteko aukera izango duten. Atzera botatzen badituzte, azken urteotako egoeran, larriagoan, segituko dugu. Baina aurkezten utzita ere, ez dut uste demokraziaren garaipenik ospatze- ko moduan geundekeenik. Zalantzak ditut, uste izatekoa baita Auzitegi Konstituzionalak balantzaren plater batean gogo politikoa eta bestean gutxieneko prestigio juridikoa jarriko duela. Nolanahi ere, ez litzateke inori eskerrak emateko moduko keinua. Ez Lakuako Gobernuari ere, asteazkenean «zerrenda kutsatuen doktrina» salatu bazuen ere.

Hura osatzen duten alderdien jarrera, nolabait esateko, bitxia izan da. Alderdien Legea salatu eta haren erantzukizuna ezker abertzaleari egotzi diote. Gobernu horretako kide nagusia posizioak hartzen hasi da datorrenari, edo iragarri duenari, begira. Josu Jon Imazek, behinik behin, hala erakutsi du. Haren apustua zein den ere gauza jakina da. Erosotasuna. Eta normalizazio prozesu demokratiko batean ez du ematen erosoegi dagoenik.

ETAk su-etena iragarri eta hurrengo bederatzi hilabeteetan inork ez zuen prozesua bukatutzat jo, arlo politikoan aurrerapen handirik ikusten ez bazen ere; Gobernu espainolak errepresioari galga jarri ordez, hari eutsi izanaz harro agertzen bazen ere. Eta Barajasko atentatuaren ondoren batzuek hautsitzat jo zuten. Ibarretxek ez. Argi agertu zen haren alde. Imazek aste honetan esandakoak, ordea, beste testuinguru batean ulertu behar dira: hausturan. Hori al da EAJren apustu erosoa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo