GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Autonomistak eta listilloak

Asteazken arratsetan ETBren bigarren katean eztabaida politiko bat izaten da. Politikoki zuzenaren irudia gazteleraz. Alde guztietako solaskideak gonbidatzen dituzte; denetarik ikusitakoak gara saio horretan alafede! Emakume faxista espainiarrak gonbidatzeak audientziari bultzadatxo bat emanen dio nonbait, horretaz ere jabetu naiz «Pásalo» eta mintzagai dugun beste saio honi esker. Baina «Políticamente Incorrecto» ikusten duenak ez du ikus-entzute lana egiten, keba, irakus-entzulea da. Ikusi eta entzuteaz gain irakurri egin behar du. Telebista ikustea gero eta nekagarriagoa da, baina hori ez da darabilgun gaia. Ahots sakoneko neska horrek aurkeztu, gidatu eta hizlariaren arabera oztopatzen duen saioaren ikus-entzuleak irakurri egin behar du, solasera gonbidatutako gizon ema- kume orojakileek hitz egiten duten bitartean pantailaren azpian sms mezuak azaltzen joaten baitira. Eta hortxe egoten da besta.

Herenegun ere nere doako denbora galtzera utzi nuen telesaio hau ikusiz. Ia astero bezela, firin-faran bailitzan, ezker abertzalea iraintzen zebiltzan hiztunak -Aralar ezker abertzalea zela erranez eta abar- eta hara non telebista interaktiboa Iurretatik gauzatu balitz bezela, begirada erortzen utzi eta sms horietako batek alaitu zidan gaua: «Autonomistei (Batasuna) bozkarik ez. Aralar aurrera!». Hortik aurrera ez nuen solasalditik ezertxo ere entzun ahal izan. Mezu hori idatzi zuenarekin pentsatzen hasi nintzen. Nork idatzi ote zuen? Aralarreko militanteak ez dira asko, boza ematen dietenen ehuneko ttiki bat baino ez, eta bozak ez dira prezisamente ugariak XXI. mendeko EErentzat. Aralar bozkatzen duenak ez du denborarik galduko boz bila, are guttiago sms bidez eta bere saldoa alferrik galduz. Laurak bat kanpainari erasoz ezker abertzalea iraintzearen zeregina bere gain hartzen duenak maltzur jokatzen du eta maltzurkeria hori errezago leporatuko nieke Aralar alderdiaren goi karguei beraien bazka emaileei baino. Anaitasunako proposamenari irri egitea ez da lurralde zatiketa gainditzeko modurik egokiena, nik uste. Baina agian bai, agian IUrekin elkartuta Euskal Herriak bere hitza eta erabaki ahalmena izan ditzan are eta tinkoago borro- katuko da Aralar. Eta ni seminarioan hasiko naiz ikasten!

Euskal Herriko elite politikoan muturra sartu nahian dabilenari eta bere autoestima gabezia era horretan moldatzen saiatzeari ez deritzot gaizki baina behintzat ez dezala oztopatu herriaren alde ari direnen lana. Ez dadila izan alderdien legea poliziaren indarkeria erabili behar izan gabe muturreraino eramaten duena, gauzatzen duena.

Jokatuko nuke -dirurik izango banu- Ajuria Eneko mahaia existituko balitz oraindik, Aralarrek bere ordezkari bat hantxe ipiniko lukeela. Zer egiten duen diru faltaren beldur izateak. Aralar. Apartheid politikoari probetxua ateratzeak gizenduko zaituzte baina beti etortzen dira odolkiak ordainetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo