GARA > Idatzia > Euskal Herria

Askatasunen defentsarako topaketak Baionako IUTn

Estatu frantsesean legedi «antiterrorista" ezartzen hasi zirenetik 20 urte bete direnez, EHGEDBk eta Askatasunak jardunaldiak antolatu dituzte hilaren 25 eta 26an «eskubideen urraketaz ohartarezko".

Maria AIZPURUA |

«`Terrorismoari' aurre egiteko aitzakiarekin, azken 20 urteotan Estatu frantsesean plantan ezarri diren lege eta auzitegi bereziak, Euskal Herrian eta beste edonon giza-eskubideen urraketa» ekarri dutela nabarmenduta, Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordeak (EHGEDB) eta Askatasunak jardunaldiak antolatu dituzte datorren maiatzaren 25 eta 26rako.

Herritarrak legeri horien ondorioez eta, zehazki, oinarrizko eskubideen murrizketaz, jabetarazi eta beren defentsan inplikatzea da «Askatasun oihua» topaketen xedea. Izan ere, Pasqua deituriko legetik abiatuta, «hamaika neurri eta egitura berezi plantan jarri izana» salatu zuten bi taldeetako ordezkariek. Horien artean, 14. sekzioaren sorrera nabarmendu zuten «nagusiki euskal militanteek bai eta korsikarrek ere pairatu dutena».

Gai mamitsuak

EHGEDBren izenean, Koko Abeberry abokatuak eta Askatasunarenean Anaiz Funosas eta Garbiñe Erasok aurkeztu zuten Baionako Gaztelu Berriko IUTn eginen diren mahainguruen egitarau mamitsua. Ostiralean, 20.30ean Erignac aferaren inguruan izandako «muntaia juridiko-polizialaz» arituko dira Jean Castella, Korsikako prefeta hil zutenean espetxeratua eta gerora, epaiketan, aske geratu zena eta Domenicu Tasani, CAR erakunde antierrepresiboaren ordezkaria.

Larunbatean, berriz, 9.30ean, Yolanda Molinda, Didier Rouget eta Koko Abeberry abokatuek, 20 urteetan «terrorismoaren aurkako borrokak» izandako bilakaera eta lekukotasunak azalduko dituzte. Bi ordu geroago, Itziar Larraz eta Unai Errea abokatuen epaiketa izango dute hizpide eta, arratsaldean, Arantxa Zuluetak eta Aitor Iberok 18/98 eta «ilegalizazioen» ondorioz irekitako gainerako sumarioez xeheteasunak emango dituzte.

Antolatzaileek, antzeko jardunaldiak urtero egiteko asmoa agertu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo