GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-zulatzaileak Euskal Herriko Liga

Hamar talderen artean erabakiko da onena zein den

Kabiezes taldeak lehen aldiz hartuko du parte lehiaketa honetan; Sondika, aldiz, desagertu egin da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Liga abiatzera doa, eta bihar bertan, gainera; Ortuellako plazan izango baita lehendabiziko jardunaldia. Atzo egin zuten aurkezpena, eta berrikuntza batzuk jakinarazi zituzten, halaber.

Aurten ere hamar talde ibiliko dira lehian, iaz bezainbeste, baina aldaketa bat izango da. Aurten Sondika ez da arituko, eta haren ordez, Kabiezes izango da. Gainerako talde guztiak iazko berak dira, eta honako hauek dira: Trapagaran, Aldai Alde, Arboleda, Ortuella, Galdames, Errekatxo, Txoriherri eta Jaizubia. Aurten hamar jardunalditara jokatuko dute, eta saio bakoitzean talde guztiak batera neurtuko dira; amaieran 10etik 1era bitarte banatuko dituzte puntuak. Ligaren amaieran berdinketa egongo balitz, zentimetrorik gehien zulatu duenak irabaziko luke.

Taldekako Liga horretan, Burdinazko Harri-zulatzaile Txapelketa ere antolatu dute, eta lehiaketa osoan batez beste zulorik gehien egiten duenak eramango du txapela.

Bestetik, Liga amaitu ostean, banakako lehiaketa ere jokatuko dutela baieztatu zuten, baina Binakakoarekin zer gertatuko den ez dago erabakita. Bestetik, taldekako Euskal Herriko Txapelketa ere jokatuko dutela baieztatu zuten, eta hori negu hasieran izango omen da.

Ligak hamar jardunaldi izango ditu, eta estreinakoa bihar 18.00etan jokatuko dute Ortuellako plazan. Gero, lekukoa beste bederatzi herrik hartuko diote. Gehienak zehaztuta baldin badaude ere, bat falta zaie antolatzaileei. Ortuellaz gain, honako herri hauetan ere izango dira Ligako jardunaldiak: Ortuella, Gallarta, Muskiz, Galdames, Santurtzi, Bilbo, Trapagaran, Hondarribia eta Barakaldo. Iaz, Jaizubia taldeak jantzi zuen txapela, eta aurtengo denboraldian ere gauza bera egiteko faboritoen artean egongo dira Hondarribikoak.

denak batera

Aurten hamar jardunaldi izango dira, eta iaz ez bezala, saio bakoitzean talde guztiak arituko dira lehian; denak batera ibiliko dira, gainera. Gero, aurrenekotik azkenekora puntuak banatuko dituzte, eta gehien dituenak irabaziko du Liga.

Hamar herri

Hamar herritan jokatuko dute Liga, baina oraindik bat falta da. Bihar abiatuko da lehiaketa Ortuellan, eta gero, Gallartan, Muskizen, Galdamesen, Santurtzin, Bilbon, Trapagaranen, Hondarribian eta Barakaldon ere izango dira probak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo