GARA > Idatzia > Zinema

Bertako eta kanpoko irudietan surf egiten Donibane Lohizunen

Surfari lotutako hainbat kultur ekitaldi egiten ari direnean Biarritzen kirol ikusgarri honen iritsieraren 50. urteurrenaren karira, Donibane Lohizunen surfak urtero duen hitzordu bereziaren txanda iritsi da Nazioarteko Surf Zinemaldiaren laugarren edizioarekin.

A.E. | DONOSTIA

Hemezortzi filmek, haien artean Euskal Herrian egindako bi dokumental, osatzen dute datorren astean Donibane Lohizunen ospatuko den Nazioarteko Surf Zinemaldiaren egitaraua. Lapurdiko hitzorduak interes berezia du, gainera, mota honetako film ikusgarriak gozatzeko aukera gutxi baitago pantaila handian, gehienak DVDan besterik ez baitira argitaratzen.

Estreinaldi eta bitxikeria ugari ikusteko aukera izango da jaialdiaren laugarren edizioan... eta baita surf munduko ospetsuak ezagutzeko. Ross Clark-Jones australiarra izango da epaimahaiko lehendakaria Jean Sarthou surflari frantziarri eskainiko zaion edizio honetan. Sarthouk epaimahiko partaidea izan behar zuen, baina martxoaren hasieran zendu zen istripu larri baten ondorioz.

Tristurak alde batera utzirik, aurten Donibane Lohizuneko Surf Zinemaldiak badu zer eskaini: bertako «uztako» bi film ikusi ahal izango dira, adibidez. Bat, «Two Bigue» izenekoa, asteazkenean estreinatuko da jaialdiaren inaugurazio ekitaldian. Alain Garnier biarriztarraren bigarren lan honetan euskal uhinen aurtengo denboraldia islatu da (Mundakako olatua, Angeluko lehiaketak...). Hugues Oyarzabal hendaiarrak «Hold up au Pays Basque» erakutsiko du. Bi urteko filmaketa behar izan duen lan honek freesurfer honen lana nolakoa den erakutsiko du. Horrez gainera, nazioarteko hainbat lan ikusgarri eskainiko dira. Haien artean, Kanadako surfaren inguruko «Shrink» tituluduna, edota hainbat emakume surflarik eginiko lanak. Sandrine Fiacre eta Jessica Rossigneux, adibidez, sarituak izan ziren 2005ean eta Donibane Lohizunera itzuliko dira Sardiniari buruzko lan batekin. Bethany Hamilton hawaiarra ere arras ezaguna da kirol honen muduan. 13 urte zituenean marrazo batek eraso egin zion eta ezkerreko besoa galdu zuen Bethanyk. Dokumental batek bere bizitza erakutsiko du.

ESKIA

Saint-Laryko jaialdiarekin lortu duten akordioari esker, azken egunean «Anomaly» estreinatuko da Donibane Lohizunen. Saint-Laryko sari nagusia jaso zuen iaz. Eski eta snowboard irudi ikusgarriak ditu.

Fitxa

Data: Asteartea 16tik larunbata 19ra arte.

Lekua: Jai-Alai (Donibane Lohizune).

Ordua: 17.30etik 22.00etara.

Sarrerak: 5 euro (18 urtetik beherakoentzat).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo