Lan istripuen segida amaigabea
Atzo langile bat hil zen Arrasaten. Beste bat herenegun Elgoibarren. Nork bere izen-deiturak, bere lanbidea, bere bizimodua zituen, baina beste askori bezala, zerrenda beltz bateko zenbaki bana dagokie: 45a eta 46a, hain zuzen. Aurten lanean hildako langileen zerrenda da. Eta haien heriotzaren kausek bildu dituzte zerrenda horretara. Alberto Garitano produkzio zuzendaria bihotzekoak jota hil zen. Jose Gomez autonomoa, berriz, segurtasun neurririk ez zuen obra batean erorita. Eraikuntzak baditu bere arriskuak, baina gaur egun handiena eta sektoreko heriotza guztiak eragiten dituen arriskua segurtasunik eza da.
Enpresaburuek ez dute langileen bizia lehenesten, etekina baizik. Ez dute prebentzioan eta prestakuntzan inbertitzen, baina laguntza fiskal ugari jasotzen dituzte. Prekarietateak ez du laguntzarik merezi, antza. Eta, gainera, segurtasun neurriak ez betetzeak ez dakar inolako zigorrik, eta enpresaburuek zerikusirik ez balute bezala ikusten dituzte lan istripuak. Beste horrenbeste instituzioek. Baina, hala batzuek nola besteek erantzukizun handia dutela esan behar da ozen. Segurtasun eta osasun neurriak ez betetzearen ondorio latzak langileek baino ez dituzte jasotzen. Beste arlo batzuetan administrazioek agertzen duten zorroztasuna ez da arlo horretan nabaritzen, eta lan ezbehar-kopurua zorroztasun handiarekin heldu beharreko arazoa da.