GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com

Nork bere erretratua

Listo, Espainiako Epaitegi Konstituzionalak ere eman du epaia. Eta Espainiako «konstituzio» ustel eta sasi-demokratiko horri egiten omen dion epaitegi batetik ez dakit beste zerbait espero zitekeen. Agian bai, ez tribunaletik, jakina, baizik eta PSOEtik. Hauteskunde demokratikoetarako azken txanpa ere al- perrik galduta. Ez da jokabide arraroa, bestetik, «prozesu» berba hutsaren atzetik mugimendurik bat ere egin ez duen gobernuaren aldetik.

Ez dago interesik hori konpontzeko. Hori aspalditik dakigu. Zeren eta berdin da zelako mugimenduak egiten dituen ezker abertzaleak, berdin zelako egoeratan gauden momentu bakoitzean, berdin nora arte ipintzen den mahai gainean batzuen partetik. Espainiako gobernuak esfortzu guztiak luzamendu eta sasi-konponbidera bideratzen ditu.

Baina PSOE ez dago bakarrik bide horretan. PNV bidaide konplizea dauka, behar denerako, edota gehiagorako. PNV beti izan delako eta beti izango delako botereari eusten lagunduko dionaren «konpi»a. Imazek lotsa izpirik gabe PPrekin ere paktatzeko prest dagoela bota zuen Madrilen lagun talde artean: kriston auditoriuma, la creme de la creme, «enpresario», «diplomatiko», «politikari» eta bestelako basapiztiak. Esan genezake, akaso, bidaide lagungarri izatetik, bridak hartu eta bere popa leku are ziurragoan kokatzen aritzen ari dela deskantsu barik. PSOEri direnak eta ez direnak eskaini ostean hemen ezer mugitu ez dadin, PNV ez da batere tontoa eta hasia da asmatzen bide horretatik beharbada PSOEri denbora gutxi geratzen zaiola boterean egoteko. PPko flankoa ere zaindu behar da, badaezpada. Eta, bide batez, prozesuaren aldeko ezer ganorazkorik egin beharrean, «katastrofeak» iragartzen ditu ea bete egiten diren eta bere negoziorako hain kaltegarria den bakea lortzeko aukera-oztopo hau gainditzen duten. Batzuetan PNVko mitinetara joaten diren oinarriek -herrietako jubilatuek eta abarrek- pena ematen didate. Zelan egon ahal den hain engainatuta eta hainbeste denboran. Zeren eta botoa ematen dioten gehienak ez dira PNVk defendatzen dituenak, alegia, herriko jendea da eta ez elite ekonomikoak, eta benetan pentsatzen baitute Euskal Herriaren aldeko zerbait ona egiten ari direla. Horiek Ibarretxeren berba goxo pozoidunak entzutea nahiago dute, Imazek esaten duenari entzungor, konturatu behar ez izateko urte hauetan guztietan benetan oker egon direla. Pena bai, baina ahaztu barik euren boto guztiak barik ez ginatekeela gauden moduan egongo, aspalditik.

Ezker abertzalearen konpromisoak, edozelan, iraun egiten du. Kontrakoa ulertezina da, zeren eta, koiunturak koiuntura, azken helburua beti izango baita gatazka konponduko duen prozesuari eustea, gatazkaren oinarrien korapiloak behingoz askatu daitezen. Hauxe izan beharko litzateke alderdi politiko eta beste eragile guztien azken helburua ere. Nahiz eta, zoritxarrez, momentuz borondate gutxi ikusten den. Hauteskunde antidemokratikoak izango dira horiek berriro ere. Batzuek nahi duten guztia egiten jarraitzen ahaleginduko dira, udaletxe barrutik inork kontra egin barik, sosak poltsikoratzen eta lagunei banatzen. Eta hala ere, ezker abertzalea hauteskundeetan egongo da, konponbidearen aldeko botoarekin, eta kaleetan ere egongo da, konponbidearen aldeko jarrera eta ekimenekin.

P.D.: «a veces salen y otras no, pero si se consiguen, se consiguen». Borboiak dixit. Bai pentsalari fina! Ideiaren sakona Espainiako «estatu buruarena»! Eta are sakonagoa horrelakoak komentatzen dituztenena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo