GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek eta Avironek nahitaez irabazi behar dute

Zuri-gorriek ligako finalerdiak jokatu nahi dituzte eta zuri-urdinek mailari eutsi nahi diote

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Top 14an liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta bai Biarritzek eta baita Avironek ere derrigorrez irabazi egin behar dituzte beren norgehiagokak.

Biarritzen helburua finalerdiak jokatzea da, eta gaur 20.00etatik aurrera Montpellierren jokatuko duen partidan ezin du hutsik egin. Zuri-gorriek irabazten badute, gainera, Avironi ere sekulako mesedea egingo liokete. Gaur Biarritzen aurka jokatuko duen taldea baionarren atzetik dago eta gaur galtzen badute, maila galtzeko zorian geratuko dira, eta hori da Avironi ongi datorkiona. Biarritz une honetan laugarren postuan dago, baina atzetik dagoen taldeak, Pepirnyak, zuri-gorriak adina puntu ditu.

Beraz, lapurtarrek irabazteaz gain, puntu gehigarria lortzea ere oso komenigarria litzateke. Bestela, Perpinyak puntu gehigarriarekin irabaziko balu, kataluniarrek aurre hartuko liekete, eta orduan finalerdietan izateko aukera asko galduko lituzkete. Hamabostekoari dagokionean, pasa den astean Staderi irabazi zion bera izango da Couzinet kenduta, azken hori ez baitago jokatzeko moduan.

Baionan, berriz, sekulako giroa izango da gaur 18.30etik aurrera Bouirgoinen aurkako norgehiagokan. Zuri-urdinak jaitsierako postuetatik at daude, eta gaur bertan lortu dezakete mailari eusteko txartela, baina horretarako irabazi egin behar dute puntu gehigarri eta guzti, eta gero beste emaitzei begiratu beharko diete.

Puntu gehigarria lortu edo ez, ezinbestekoa da gaur irabaztea. Lau punturekin ere mailari eusteko urrats handia emango lukete, eta beste emaitzak ere onak badira, litekeena da azkeneko jardunaldian galdu arren ere mailari eustea. Jokalariei dagokionean, Davies, Hegarti eta Bernard baja izango dira, eta Baget eta Garber zuri-urdinen hasierako hamabostekora itzuliko dira.

Zuri-gorriak

Biarritz une honetan finalerdietako postuetan dago, baina Perpinyak ere lapurtarrek adina puntu ditu. Beraz, gaur irabazteak bakarrik ez du balio, badaezpada ere, puntu gehigarria ere lortu behar dute.

Baionarrak

Avironek ere ezinbestekoa du gaur garaipena mailari eutsi nahi baldin badio. Irabazten badute, puntu gehigarri eta guzti, eta aurkari zuzenek galtzen badute, matematikoki mailari eutsiko diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo