GARA > Idatzia > Hemeroteka

SUSTATU Eusebio Gorospe 2007/05/8. Euskal Herria.

Diskurtso eta jarrera aldaketa

Ez dugu asmatzen. Diru pila inbertitu dugu, urteak eman ditugu jo eta fuego eta guztiaren ondorioa ez da positiboa. Okerrena ez da hori, alegia, emaitzak eskasak direla, baizik eta kontra ditugunak aurrea hartu digutela diskurtsoan. Landuagoa dute eta saltzaile hobeak dira. Ulertezina da euskalduntzearen edo hizkuntza-eskakizunen aurka dagoen batek hain erraz izatea bere jarrera saltzeko, eta gu beti defentsiban ibili behar izatea, lortutakoa hain urria denean.

HPSko sailburuorde Patxi Baztarrikak dio euskara gozo saldu behar dela, apurka apurka egin behar dugula aurrera. Hainbestean!? Nire ustez ez du balio lanpostua eskuratzera bideratutako hizkuntza-eskakizunetan (HE) oinarritutako sistema honek; ez, orain dagoen eran; ez, egokitu gabe; ez, jendeari euskaraz lan egiteko aukera eskaintzen ez dion bitartean. (...)

Aztertu behar duguna da ia zelan den posible, adibide bakar bat jartzearren, EHUko erretore ohi Manu Monterok edo UGTko idazkari nagusi Dámaso Casadok lasai asko jardun dezaketen derrigorrezko eukalduntzearen aurka, beraiek euren ibilbide profesional guztia gaztelaniaz egiteko trabarik izan ez dutenean. Aztertu behar duguna da ia zelan entzun dezakegun, asper egin arte, Administrazioan sartzeko nahitaezkoa dela euskara jakitea, lanpostuetatik % 45ak baino ez duenean jarrita profila. Eta aztertu behar da nolatan salatu gaitzaketen -denak euskaraz behar duela izan esaka- ondo baino hobeto dakigunean 100 paperetik 0,01 baino ez dela euskaraz sortzen.

(...) Kontuak egin behar dira. Zenbat jendek lan egiten du euskararen arloan? Zenbat diru erabiltzen de euskara kontuetan (itzulpenak, euskara klaseak, liberazioak, normalizatzaileak, itzultzaileak)? Baliabide horien kontaketa egin eta, lehen esan dudan eran, astinaldia eman behar zaio guztiari edo, gutxienez, sakoneko azterketa egin. Ezetz esan behar diogu bakoitzak bere bidea egiteari. Ezetz euskara zerbitzuen artean koordinazio zuzen eta etengabekorik ez egoteari. Ezetz errealitate latzak itxuraldatzeari. Ezetz soilik ezagutzan oinarritutako euskalduntzeari. Ezetz aurpegia itzulpen bidez garbitzeari. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo