GARA > Idatzia > Kultura

«Irakurleekin komunikazioa lortu izanaren adierazle da Beterriko Saria»

KARMELE JAIO
Beterriko sariaren irabazlea

Karmele Jaiori (Gasteiz, 1970) Beterriko Saria eman berri diote «Amaren eskuak» (Elkar, 2006) liburuagatik. Ipuingintzatik nobelara egin du salto kazetari eta idazleak bigarren lan horretan. Hala ere, Jaiok GARAri jakinarazi dionez, ipuingintzara itzuliko da urrirako prestatzen ari den lanarekin. Izan ere, «Hamabost zauri» (Elkar, 2004) ipuin sorta izan zen bere lehen lana.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL

Joan den ostegunean eman zioten Karmele Jaio gasteiztarrari Beterriko Saria «Amaren eskuak» nobelagatik.

Urte askoan ibili zara idazten. Betidanik idatzi duzula esaten duzu. Hala eta guztiz ere, zure lehendabiziko argitalpena duela hiru urte ailegatu zen. Zergatik itxaron duzu hainbeste denbora?

Bere garaian esan nuen «Hamasbot zauri» idazteko, aurreko ipuin guztiak entrenamendu bezala erabili nituela. Aurretik pilo bat bota ditut zakarrontzira, eta eskerrak (barre egin du). Literaturak, beste gauza guztiek bezala, entremanendua behar du. Noizbait saiatu naiz nobela bat hasten, baina serio hartuta, hauxe izan da egin dudan lehen saiakera. Kasu honetan, gainera, Igartza Bekaren fruitua izan da. Eta behartuta nintzen bukatzera. Horrek bukatzen laguntzen du. Diziplina handiagoa hartu nuen-eta.

Nobelak ipuingintzak baino diziplina handiagoa eskatu dizula diozu. «Amaren eskuak» lana idaztean etenik egiteko gogorik izan al zenuen?

Ez, ez. Beharbada sentitu nuen gauza bakarra gainean izan dudan ardura izan da. Saria nobela idatzi aurretik ematen dute (Igartza Bekari buruz ari da), eta horrek lepo gainean izugarrizko ardura eragiten du. Are gehiago kontuan hartuta Igartza Bekatik ateratzen diren lanak oso onak direla. Saria eman zidatenez, bukatu beharra nuen; eta ondo bukatu, gainera.

Ondo egin duzun adierazle da eman berri dizuten Beterriko saria, ordea.

Bai; oso sari garrantzitsua da, gainera. Ohore handia da irakurleek ematen duten saria delako. Azken finean, idazleak irakurleentzat idazten baitu, norbaiti zerbait adierazteko modua baita. Saria eman izana norbaitekin komunikazioa lortu dudan adierazle da, eta hori oso pozgarria da.

Ipuingintzatik nobelara egin duzu salto «Amaren eskuak» eleberriarekin. Non zaude erosoen ?

Nik neure burua ipuingintzan ikusten dut; batez ere, nire bizitzan ipuin gehiago idatzi ditudalako nobelak baino. Momentuz, nobela bakarra idatzi baitut, eta horregatik, iaioagoa ikusten dut neure burua ipuingintzan. Agian etorkizunean nobela gehiago idatziko ditut. Baina momentuz urrirako ipuin sorta bat prestatzen ari naiz. «Hamabost zauri» liburuaren antzeko formatua du.

Oso fruitu onak jaso dituzu orain artean zure literaturarekin. Idazletzat duzu dagoeneko zeure burua?

Bai, idazten duen edonor da idazle. Eta erantzun ona izateak animoak ematen ditu idazten jarraitzeko. Baina nahiz eta erantzun on horiek ez jaso, idazten jarraituko nuke. Askotan zer esan nahi den jakiteko idazten da, eta hori deskubritzen da idazketa prozesu horretan. Idazteko bi modu daude. Batetik, burua erantzunez beterik idaztea, hau da, idatziko duguna dakigunean. Eta, bestetik, burua galderaz beteta dagoela idazten dugunean. Nire kasua bigarrena da. Ni galderaz beteta hasten naiz idazten. Eta nire esperantza da idazketa prosezuan erantzuna aurkitzea, eta, nolabait aurkitzen dut. Konturatzen bainaiz zergatik ateratzen diren. Geure burua ezagutzeko modu bat da.

Gaiei dagokienez, ipuinetan giza harremanak landu dituzu. Eleberrian, berriz, zehatz-mehatz ama eta alabaren arteko harremana. Orain dela gutxi ama izan zara. Hurrengoan ikuspegi hori jasoko du zure literaturak?

Egia da errealitatetik gauzak eta esperientziak lapurtzen ditudala. Eta oraingoan gauza bitxi bat gertatu zait. Urrian kaleratuko ditudan ipuinetan lehenbizikoz haurdun dagoen pertsonaia bat agertuko da. Argi dago esperientzia propioak eragina duela literaturan, eta orain esperientzia berriak ditut.

Errealitatetik hartutako sentipenak agertzen dituzu; alde horretatik, datu autobiografikorik topa daiteke zure lanetan?

Ez, ez. Liburuek bi geruza bezala izaten dituzte. Goiko geruza istorioa da, eta hori asmaturikoa da; gezurra, alegia. Idazten dudanean, azpiko geruza horretan ere egia egotea eskatzen dut. Baina egia ez da istorioan gertatzen diren gauzak, baizik eta sentimenduak. «Amaren eskuak» liburuan nik istorio bat asmatu dut, baina barruko sentimenduak benetakoak izan dira. Hortaz, sentimenduak dira benetakoak, baina istorioa ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo