GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jose Ramon Etxebarria Irakaslea

Ahobatekoztasuna epaileen erabakietan

Ez nau kezkatzen epaile politiko horiek erabat usteldurik ikusteak, epaile justu bakar bat ez aurkitzeak baizik

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herritarren hautesle- zerrendak eta ANV- EAEren zerrendak direla-eta hartu berri duen era-bakiak, lotsatzeaz eta haserretzeaz gain, hausnarketarako aukera eman dit, gutxi iruzkindua izan den puntu batean preseski: bere ahobatezkotasunean. Izan ere, azken bolada ho- netan ezaugarri hori errepikatu da espainiar epaileen erabakietan: sei epaile egon, hamasei egon edo ehun egon, era- bakirik esperpentikoena ere aho batez hartu dute. Nola liteke horrelakorik?

Azter ditzagun gertaturikoak, eman dizkiguten datu apurretan oinarriturik, eta ez epaile batzuek asmaturiko teorian, irudimenean edozer gauza ezinezko bihur baitaiteke errealitate. Kontua da, Auzitegi Goreneko hamasei epailek aho batez, guztien erabateko adostasunez, erabaki zutela abertzale sozialisten zerrenda guztiak eta ANV-EAEren zerrenden artean fiskaltzak eta estatu-abokatuak eskatutako guztiak debekatzea. Alegia, guztiak ilegalizatzeko guztizko adostasuna, ahobatezkotasuna. Ez da kontua, zer argudio erabili dituzten errepikatzea, errealak ala imajinarioak diren aipatzea. Kontua da ahobatezkotasuna azpimarratzea.

Interesgarria da, halaber, Espainiako Gobernuaren asmakizunei eman dieten tratua aztertzea. Gobernuaren tesi guztiak onartu dira. Arrazoi juridikorik egon ote den? Nago hori ez dela kontua, gutxiago oraindik zuzenbide-arazoetan oso jakintsu diren pertsona askoren kontrako iritzia irakurri ondoren. Nago, aditu horien kontrako iritziak epaileen artean inolako zalantzarik ez sortzea dela kontua. Susmagarria. Izan ere, errorea egon bada, errorean ere ahobatezkotasuna egon baita. Froga argiagorik nahi al da, estatu-arrazoian oinarriturik epaileek erabaki antijuridiko bat hartu dutela egiaztatzeko? Froga argiagorik nahi al da, estatu-arrazoiak botere judizialaren independentzia hautsi duela eta guztiek gobernuaren gidaritzapean jokatu dutela baieztatzeko? Argi dago: estatu-arrazoia tarteko, inor ezin zitekeen mugi eginbeharreko argazki ofizialean.

Eta zer esan alderdien portaerari dagokionez? Portaera hiprokritarik inon egon bada, kasu honetan nabarmendu da. Nolanahi den, azpimarratu nahi nuke, nire ustez, kasu honetan ere ahobatezkotasuna egon da hipokrisiari dagokionez ere.

Espainiar idazle klasiko baten testua datorkit burura behin eta berriro zorioneko Alderdien Legea indarrean jarri zutenetik, alderdien parte-hartzeari jarritako jantzi demokratikoa gogora dakarkidana, esan nahi baita Lucanor kondeak biluzik zegoen erregea janzteko asmaturiko jantzi ikustezina. Zeren inon inork ikusten ez duen demokraziaz jantzirik baitatoz hurrengo hauteskundeak, eta erregea biluzik dagoen arren, urrezko jantzi dotoreaz ikusten baitute guzti- guztiek, hauteskundeak demokratikoak baitira, aho batez. Eta behin testu klasikoekin hasiz gero, beste irudi klasiko batekin jarraituz, burura datorkit Lakuan diharduen hirukoaren esku-garbiketak antz handiegia ez ote duen Pilatosen istorioarekin, tartean milaka urte dauden arren.

Einsteini gertaturiko pasadizo batean oinarrituriko anekdota bat kontatu nahi nuke, bozgora eginiko pentsaketa-ariketa honi amaiera emateko. Pasa den mendeko hogeiko hamarkadaren hasieran Estatu Batuetara eginiko bidaia batean, gizarte estatubatuarreko hainbat intelektualek dokumentu bat idatzi omen zuten fisikariaren aurka, erlatibitateari buruzko teoria erabat oker zegoela esanez. Idazki horren kariaz, kazetariak hurbildu omen zitzaizkion, esanez ea ez ote zen kezkatzen hain pentsalari handien iritzi hartaz, orain ere sinatzaile guztien ahobatezkotasunez emana. Einsteinen erantzuna laburra bezain argigarria izan zen, gutxi gorabehera honelaxe mintzatuz: «Ni ez nau kezkatzen horiek guztiak nire aurka egoteak, bakar batek arrazoia izateak baizik».

Gauza bertsua uste dut nik neuk ere epaileei buruz. Ez nau kezkatzen epaile politiko horiek erabat usteldurik ikusteak, epaile justu bakar bat ez aurkitzeak baizik. Zeren, ahobatezkotasunaren indarra eman nahi baitzaio, justiziaren izpi txikiena ere ez duen erabaki injustuari. Kantitatearen indarrak justiziaren kalitatea ezabatu ahal balu bezala.

Hitz batez, ahobatezkotasun gehiegi gauza onerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo