Mariantonia nazabal Zaldibia
Irabazten ari gara... baietz!
Zaldibiako Ezker Abertzale izan eta sentitzen zareten gizon, emakume, zahar. Gazte, haur, zuen guztion aurpegia dut aurrez-aurre. Bihotz taupadak aginduta, haiz presente zaituztet egun gogor hauetan! Ausartu naiz zuengana hurbiltzea.
Une gozoak, une garratzak hain ezagunak ditugu, ala ezta?
Berriro gure pazientzia eta ilusioa astindu dizkigute. Parteka ditzagun gure malkoak, amorrua, ezinegona, sinestezina, etsipen tentaldia. Partekatu, hitz egin dezagun egun triste hauetan sentitzen ari garen guztiaz. Horrela arinduko dugu gure bihotz-mina.
Zer garen, nolakoak garen harrotasunez, apaltasunez, zintzotasunez, pazientziaz, kementsu gure herriko txoko guztietara zabalduaz. Gure izana, identitatea duintasunez eraman bihotz parean; dotorea baita dugun altxorra: izar gorritxoa. Jantzi dezagun, indarberrituko gaitu-eta
Izar gorritxoak ikusteak, aurpegia alaituko digu, ilusioa berreskuratuko dugu, ulertu eta hitzetan jarri, zergatik orain ere, berriro ere, horrelako pultsu basati, antidemokratikoa luzatu diguten.
Beste aurpegi batzuk ere aurrez-aurre ditut pultsua aipatzean. Aurpegi itsusi-itsusiak benetan, baina zer nolako aurpegia duten, alajaina! Beraiei esatekoa argi dugu, ala ezta? «Amorruak ez gaitu itsutuko eta entzun izar gorritxodunok esateko duguna: ez gaituzue makurtuko, ez gaituzue zokoratuko! Nola bada!». Bihotzak ez die tarte gehiagorik eskaini nahi. Bueltatu nahi dut Zaldibiako aurpegi dotoreetara.
Sentitu eta sinistu dezagun: irabazten ari gara! Besoz beso, elkarlanean atzo, gaur eta bihar aurrera, abisatzen dugu: aurrera goaz. Besarkada maitekor bana Zaldibiako eta, guk bihotz handia dugunez, Euskal Herriko Abertzale Sozialista Independentista guztiei. Animo eta segi izar gorritxoari!