Ikastetxeei euskal egutegiaren aldeko apustua egiteko eskatu die EHBEk
Egutegiak herri baten nortasunaren adierazle diren ikurrak goraipatzen dituela uste duelako, Hezkuntza Sistema Propioaren alde egiten duen herri ekimenak egutegi bereziaren alde pausoak ematea proposatu du.
Maider EIZMENDI |
Ikastetxeetan datorren ikasturteko egutegia zehazten ari dira egun, eta Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) dei egin du, ildo honetan, euskal egutegi baten alde egin dadin.
EHBEko kide Naiara Egañak, Aitziber Larreak eta Ibai Redondok agerraldia egin zuten atzo Donostian euskal eguteriaren gainean egindako hausnarketa helarazi eta eskaera publiko egiteko. Haien esanetan, egutegia ez da jaiegunak eta lan orduak zehazteko tresna soila: «Egutegi batek herri baten nortasunaren adierazle diren ikurrak goraipatzen ditu eta horren araberako jarduna bultzatzen du», nabarmendu zuten.
Alde horretatik, egun Euskal Herriko ikastetxeetan indarrean dauden egutegiak Estatu espainolari eta frantsesari egiten diete mesede EHBEren esanetan, «euren nazioen arabera jai egunak ezarriz eta balore arrotzak inposatuz». Are gehiago, «euskaldunontzat iraingarriak eta antidemokratikoak diren ospakizunak» egitera behartzen dutela gaineratu zuten, Konstituzio espainolaren Egunari, Hispanitatearen Egunari eta frantses Errepublikaren Egunari erreferentzia eginda.
«Euskal Herria nazio bat den neurrian, alor ezberdinetan hausnartu, erabakiak hartu eta horiek gauzatzeko eskubidea izan behar du» adierazi zuten.
Alde horretatik eta hezkuntzari dagokionez, euskal herritar ororen hezkuntza eskubideen bermea ekarriko duen Hezkuntza Sistema Propioa egiteko eta antolatzeko eskubidea badela gaineratu zuten, bai eta hezkuntzan egutegi propio baten arabera jarduteko eskubidea ere.
Izatez, hainbat saiakera egin dira jada. Adibide gisa Naiara Egañak Aiako Lardizabal ikastetxearen kasua aipatu zuen. Orain bi urte onartu zuten ikastetxe horretako klaustroan jai espainoletan ateak zabaltzea.
«Posible da; guk egin genuen»
Egañaren esanetan, modu horretan jaia ospatu nahi duenari eta nahi ez duenari ematen zaio aukera. «Hezkuntza Sailak zehazten duenez, ikastetxeek bi baldintza bete behar dituzte egutegia aldatzeko: Batetik, ikastetxeko organo gorenean onartzea; eta bestetik, ikastetxea zabaltzen den egunean eskaintzen diren zerbitzu guztiak martxan izatea», azaldu zuen eta zera gaineratu: «Gure adibideak frogatzen du benetan egitea posible dela».
Ikastetxe gehiagok bide bera jarrai dezaten, Hego Euskal Herriko mila ikastetxe baino gehiagotara igorri du EHBEk bere proposamena: ikastetxeko organo orokorrean datorren ikasturterako egutegia zehaztean Euskal Herria aintzat hartzen duen egutegia bultzatzea.
Haien esanetan, gainera, hogei bat herritan egiten ari da horren inguruko lanketa. EHBEren asmoa ez da proposamen zehatzik egitea, euren esanetan, eztabaida baten ondotik etorri beharrekoa baita hori. Ezinbesteko jo zuten, ordea, ahaleginak bateratzea eta gizartearen dinamika indartsua abiaraztea.
Egun hauetan datorren ikasturterako egutegia zehazten ari dira eta Hego Euskal Herriko 1.000 ikastetxe baino gehiagotara igorri dute egutegia aldatzeko proposamena EHBEko kideek.
Hezkuntza Sailak bi betebehar zehazten ditu egutegia aldatzeko: Ikastetxearen organo gorenean erabakia hartzea eta zerbitzu guztiak martxan izatea ikastetxearen ateak zabaltzen diren egunean.