Seaskaren eta Hezkuntza Nazionalaren arteko hitzarmena egiteko puntuan
Herri Urratsek euskaldunen ikastolekiko atxikimendua baino berri gehiago ekarri ditu aurten; izan ere, Euskararen Erakunde Publikoko presidente Maxi Brissonek deklaratu egin zuen Hezkuntza Nazionalaren eta Seaskaren arteko hitzarmena izateko puntuan dela.
GARA |
Urteak dira Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak euskarazko hezkuntza sistemaren berezitasuna aintzat hartzea eskatzen duela. Ikasturte hasiera orotan Seaskak protestak eta kexuak zabaltzen ditu behar beste irakasle ez dizkiolako ematen Hezkuntza Nazionalak eta heldu den ikasturterako ere lau lanpostu eta erdi falta dituela salatu du. Gabezi hori Hezkuntza Nazionalaren zenbaketa sistema estandarrak ikastolen hezkuntza sistemak behar dituen ahalmen bereziak ez dituelako kontuan hartzen izaten da. Hitzarmenaren bitartez arazoari konponbidea bilatuko diote.
Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmenaren oinarri izanen den dokumentu baten erredakzioa bukatu berri du eta negoziaketak laster hasiko dira.
EEPko presidente Max Brissonek adierazi zuen: «Dokumentu honek Seaskaren berezitasuna hartzen du kontuan; bere sarean matrikulatzen diren gazteak oso goizetik elebidun osoak izatea bilatzen du eta helburu horretara ailegatzeko beharrezkoa den antolaketa pedagogikoaren berezitasuna nabarmentzen du. Ondoren eztabaidagai izan daitezkeen gai guztien zerrendaketa zehatza ere egin dugu».
Seaskako presidenteorde den Phillipe Aramendiren ustetan, helburu laudagarria da baina abian fite jarri beharrekoa: «Berri oso ona da, duela hilabete batzuk pausatu genuen eskaera ofiziala. Orain aski fite hasi beharko da lanean badakigulako hurrengo ikasturterako lanpostuak berehala zehaztuko direla. Espero dudana da oraingoan azkenik gure berezitasuna kontuan hartuko dela. Egintzen bitartez ikusiko dugu Ipar Euskal Herrian euskara garatzeko dagoen nahia».
Hitzarmenak Euskararen Erakunde Publikoak idatzi berri duen dokumentu bat izanen du oinarri. Erakundeko presidente Max Brissonen arabera, agirian Seaskaren berezitasunak kontuan hartzen dira.
Herri Urratsen 24. edizioa jai giro ederrean pasatu zen igandean, nahiz eta aurreko edizioetan baino jende gutxiago izan zen. Astebete lehenago Senpereko eskualdean izan uholdeek sortu zituzten hondamendiek ez zuten ziurtatzen ikastolen jaia ospatu ahal izatea.
Dena ongi igaro zen, arazo bakarra gizartearen eta Seaskako gurasoen laguntza handiagoa behar izan zutela montaketa eta desmontaketa lanetan. Normalean laguntzen duten Senpereko langileak uholdeen kalteak konpontzen aski lan izan dute azken egunotan. Atzo lakuaren inguruan desmontaketa eta garbiketa lana zen nagusi. Zahar eta gazteak ikus zitezken bestalariek bota zaramak biltzen eta egiturak desmuntatzen. Zaborren banaketa selektiboa egiteko ezarri ziren zaborrontziak beste urteetan baino hobeki erabili zituen jendeak igandean.
Aurreko edizioan, non Senpereko lakua kutsatu egin zen ur zikinen kudeaketaren akats baten ondoren, arazoa ekiditeko komunetako ur zikinen bilketa kamioi-zisterna batean egin zuten.