GARA > Idatzia > Alaves

ALAVES Edu Alonsok esan du ez dela kritikak egiteko unea eta batasuna behar dela

Taldea ez dago ados Yagueren adierazpenekin

«Nagikeria" eta «zelaian dena ez ematea» leporatu zien entrenatzaileak jokalariei Murtzian galdu ondoren

GASTEIZ

Kinka larrian dago Alaves. Itxura oso eskasa ematen ari da azken jardunaldietan, eta azkar erreakzionatzen ez badu, Bigarren B Mailako amildegitik behera eroriko da. Aspalditik ikusten zen horrelako zerbait gertatzea posible zela Pitermanen kudeaketaren ondorioz. Enpresari ukrainarra, ordea, desagertu egin da azkenaldian, eta egoerari buelta emateko Quique Yague jarri zuen entrenatzaile karguan.

Aurrekoekin gertatu ez den moduan, Yaguek askatasuna izan du eta erabakitzeko ahalmena, baina ezin izan ditu emaitza onak lortu. Orain dela bost jardunaldi hartu zuen taldea Yaguek, eta jokoan zeuden hamabost puntuetatik hiru baino ez ditu erdietsi. Ezinean ari da Gasteizko taldea, eta dagoeneko jaitsiera postuetara erori da.

Are gehiago, Ciudad de Murciaren zelaian larunbatean jasotako gol zaparradak (5-2) alarma guztiak piztu ditu. «Jokalariek nagikeria transmititzen dute eta zelaian ez dute eman ahal duten guztia», leporatu zien Yaguek partida ondoren.

Edu Alonsok erantzun zituen atzo Alavesen entrenatzailearen adierazpenak, eta taldea ez datorrela bat azaldu zuen. Gasteiztarren kapitainetako bat da eskuin hegaleko atzelaria, eta esan zuenez, «taldea motibatzeko» egindako adierazpenak dira. «Pentsa dezagun horrela izan dela nahiz eta argi dagoen adierazpen horiek ez dietela inongo mesederik egin jokalariei. Ez da une egokia indarrak banatzeko, batasuna behar dugu denok toki bererantz bultzatzeko», adierazi zuen.

«Taldekide bakoitzak, zelaira irteten denean, arima uzten duela uste dut, beste gauza bat da erakusten dugun itxura horrelakoa izatea eta bakoitzaren gaitasuna ez izatea ehuneko ehuna ematea», gehitu zuen Edu Alonsok.

Poli Ejido izango da larunbatean Mendizorrotzan, eta aurkaria ere sailkapenaren zuloan egonda, beharrezkoa da Alavesentzat partida irabaztea.

Oso garrantzitsuak izango dira hurrengo norgehiagokan jokoan dauden hiru puntuak, eta horregatik, Noja aldera ihes egingo du Gasteizko taldeak bihartik ostiralera bitartean. Bazkide bakoitzari ere hiru sarrera oparituko dizkiete Mendizorrotzan ahalik eta babesik handiena izateko.

Bost jardunaldi falta dira Liga bukatzeko, eta sei puntu kentzen dizkio Poli Ejidok Alavesi. Urrun samar geratzen zaio aurkaria sailkapenean, baina garaipen batek gauzak beste modu batera ikustea ekar dezake. Castillak puntu bateko aldea ateratzen dio Alavesi; gainerako kontrario guztiek, berriz, lau puntuko tartea ireki dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo