GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Finalerdietako azken txartela dago jokoan

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran, finalerdietako atarikoa jokatuko dute Karrantzako plazan, 12.00etan. Bertan, final-laurdenetako ligaxkan bigarren geratu diren kirolariek lehiatu beharko dute, eta irabazleak izango du finalerdietan izateko aukera. Olasagasti, Nazabal eta Larretxea jadanik sailkatuta daude, haiek izan baitziren beren multzoko aurrenekoak.

Arria V.a, Lopez eta Arrospide izango dira gaur lehian arituko diren hiru aizkolariak, eta batek bakarrik lortuko du aurrera egitea. Lana final-laurdenetakoa baino zertxobait gutxiago izango da, oin bateko bi enborrak kendu egingo baitira. Beraz, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasiko dira. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu beharko dute. Gero, 45 ontzakoa zutik erdibitu beharko dute. Laugarren lanean, 60 ontzakoari egin beharko diote aurre. Azkenik, bi kana-erdiko eta lau 45 ontzako moztu beharko dituzte.

Harri-jasotzaileen lehiaketa ere ikusi ahal izango da gaur Karrantzan, nahiz eta gaur lehian arituko diren bi bikoek ez duten aurrera egiteko inongo aukerarik. Telleria II.a eta Urrutia Barinagaren eta Agirreren aurka neurtuko dira. 125eko zilindro berria, 100eko zilindro zaharra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabiliko dituzte. Bakoitzarekin aritzeko bi minutu izango dituzte. Gaur lehian izango den gauza bakarra azken postuan ez geratzea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo