Errugbia Liga Federala
Nafarroak maila nagusian jarraitu ahal izango du
Maulek norgehiagoka galdu zuen, eta azken orduko aldaketarik ez bada, datorren urtean Bigarren Mailan jokatu beharko du
Jon LEUNDA | BAIONA
Nafarroak heldu den urtean Liga Federaleko Lehen Mailan jarraitu ahal izango du, Ligako azkeneko jardunaldia irabazi baitu. Baina Maulek galdu egin zuen, eta azkeneko orduko aldaketarik ez bada, zuberotarrek Bigarren Mailan aritu beharko dute.
Hori-gorriek irabazi behar zuten, eta ez zuten hutsik egin, 32 eta 9 menderatu baitzuten Ceret taldea. Partida garrantzitsua zen, eta zaleek ere hori uste zuten, 1.200 ikusle batu baitziren Baigorriko zelaian.
Nafarroak aurrez aurre zuen taldeak maila galduta zuen partida hasi aitzinetik, eta ez zuen aparteko ezer egin herenegun arratsaldean garaipena eramateko. Nafarroa Beherekoek askoz ere gehiago zuten jokoan, eta hasieratik bukaerara nabaritu zen.
Gerendainek eta Garaik lortu zituzten euskaldunen bi entseguak, eta Zelanek bi transformazio eta sei zigor-kolpe gauzatu zituen.
Maulek ere garaipena behar zuen Sarlaten zelaian mailan jarraitu ahal izateko, baina zuberotarrek ez zuten partida ona jokatu. Amaieran, 33 eta 6 galdu zuen talde zuri-gorriak. Landarribilkok egin zituen euskaldunen puntuak bi zigor-kolpe gauzatuta.
Maulek mailan jarraitzeko aukerarik izan dezake, baina oso zaila da. Horretarako talderen batek uko egin beharko dio Lehen Mailan jarraitzeari, eta zuberotarrek han jarraitzeko talde batek baino gehiagok egin beharko du uko.
ASBren urtea
ASB Baionakoaren urtea izan daiteke aurtengoa. Neskak Elite Ligara igotzeko zorian daude, inoiz euskal talde bat egon ez den mailara; mutiletan, Liga Federaleko Bigarren Mailatik oso gertu dabiltza.
ASB taldeak norgehiagoka bikaina egin zuen herenegun arratsaldean Aramitzen, eta 26-25 hartu zuen mendean Bigorre. Salaberrik egin zuen berde-moreen lehen entsegua, eta talde osoak bultzaka-bultzaka egin zuen bigarrena. Agerrek lau zigor-kolpe eta bi transformazio gauzatu zituen.
Hirugarren Mailarako igoera fasean, bai Urruñak baita Hazparnek ere aurrera egin dute. Urruñarrek 33-23 irabazi zioten Parentisi, eta Hazparrenek 3 eta 3 berdindu zuen Benejacq taldearekin. Zigor-kolpeei esker sailkatu ziren.
Estatu espainoleko Naziol 1 Mailarako igoera fasean, berriz, Zarautzek aurrera egin du Errioxari etxean 20 eta 14 irabazita. Joanekoan ere irabazi zuten gipuzkoarrek, eta hurrengo kanporaketan izango dira. Getxo B izango du hurrengo aurkaria, eta kanporaketa hori ez badu irabazten, Zaragoza kanporatu beharko du mailaz igo ahal izateko.
Nafarroa eta Donibane Lohizune izango dira heldu den urtean Lehen Mailan arituko diren bi taldeak. Izan ere, Maulek maila galdu du, eta behetik inork ez du igotzerik lortu.
ASB Baionako beste taldeak urte gogoangarria egin dezake. Nesketan Elite Ligatik oso gertu daude; mutiletan, aldiz, Bigarren Milara jauzia egiteko moduan dira.