Itxaropenari aurpegia eta, orain, ahotsa jartzeko saiakeran dabil milakabilaka
Euskal Herriarekiko errespetuan oinarritutako konponbide demokratikoa hezurmamitzeko asmoz, gizartea prota- gonista izatea sustatu nahi du Milakabilakak. Bide horretan, milaka eta milaka euskal herritarri aurpegia eta, orain, ahotsa jarri nahian dabil.
Oihana LLORENTE
Euskal gizartearen eskaerak lau haizeetara zabaltzeko asmoz, teknologia berriek eskaintzen dituzten leihoak ireki eta blog bat jarri du martxan Milakabilaka herri ekimenak. Errespetua eta Euskal Herria xede hartuta, jendea zirikatzeari ekin diote Jon Maia, Gari Berasaluze, Amaiur Lujanbio, Didier Rouget, Amparo Lasheras eta Victoria Mendoza blogariek.
Errespetuaren gaineko gogoetak piztea. Horixe da sei blogariek duten asmoa eta betebeharra, eta hori lortzeko, jo eta su dabiltza bai euskaraz baita gaztelaniaz edota frantsesez ere haien ekarpenak webgunean jartzen.
Lanetik bueltan, etxerako bidean ohikoak diren auto-ilaretan otutako ideiek, aspaldiko bizipen pertsonalek edota egunkarietan argitaratutako artikuluek eragindako haserre edota emozioa hizpide hartu, eta errespetuari bueltaka aritzen dira blogariak, irakurleak zirikatzen eta haien iruzkinaren esperoan.
Batzuek eta besteek amua jan eta erantzuteari ekin diote, baina berriki martxan jarritako blogariak denborarekin irakurleen gogoetak ugalduko diren itxaropenarekin dabiltza lanean.
Amparo Lasherasek hasieran lotsati aritu zela aitortu arren, lotsa ate atzean utzi du eta bizipen interesgarria deritzo blogean idazteari. Esperientzia erabat berri eta aberatsa iruditu zaio, eta, gainera, egun batean filosofoa edota bestean poeta izateko aukera ematen diola adierazi du; erne ibil daitezela haren irakurleak, datozen egunetan olerki bat argitaratzeko irrikaz agertu baita.
Jendeak parte har dezan sustatu nahi izan du Lasherasek ere, normala deritzo lotsa izateari baina hura gainditu eta blogera erakarri nahi izan du gizartea. Gainera, idazteko inolako araurik ez dagoela nabarmendu du. Zirrarak, sentimenduak... burutik pasatzen diren modu berean idazteko eskaera egin du, lotsak alboratuta.
Ideiak nondik ateratzen dituen itaundu, eta erantzunak topatzeko zailtasunak aurkitu ditu Lasherasek. Eguneroko kontuetatik, lagunekin edukitako elkarrizketetatik, liburu edota filmetako pasarteetatik... adierazi du. Hala ere, edozerk balio dezakeela nabarmendu du, helburua, haren aburuz, eztabaidari eta elkarrizketari leku egitea baita.
Horiek hala, Estatuko fiskal nagusiak egindako adierazpenen ostean sortutako amorruak, Mexikon igarotako haurtzaroko oroitzapen beroek edota Dogville filmak gogora ekarritakoek errespetuaren gaineko hausnarketa sakona egiteko beta ematen dutela erakutsi dute Milakabilakako blogariek. Orain, ordea, herritarren txanda iritsi da, blogean sartu eta lotsak alboratu eta sormenari leku eginda, errespetuari buruzko gogoetak plazaratzeko garaia heldu da.
Aurrera begira ere, ezusteak zain dira
Urtarrilean hasi zuen bidea Milakabilakak, eta geroztik, ezaguna egin da Euskal Herriko errepideetan barna han-hemenka dabilen kamioia. Lan-taldeko kide Kepa Urbietak argi azaldu digu ekimenaren arrazoi eta xedea Euskal Herriarekiko errespetuan oinarritutako konponbide demokratikoa hezurmamitzea dela, eta bide horretan gizabanakoak nahi dituzte protagonistak.
Ekimenak urte erdi bete ez badu ere, lanean erabilitako sormenak zeresana eman du. Estreinakoz, kamioia ikusi genuen. Ehunka kilometro egin duen ibilgailuak milaka aurpegiren argazkiak eskuratu ditu. Ondorenean, herrietako korrespontsalak ezagutu genituen; argazki kamera eta errespetua eskatzen duen kartela soinean hartu, eta errespetuaren aldeko ereduen bila kalera ateratzen diren horiek.
Azken egunetan, bloga izan da berritasun nagusia, baina ondorenean ere ezusteak izango direla aitortu dute Milakabilakako lan-taldekoek. Iradoki dutenaren arabera, gainera, artearekin zerikusi zuzena izango du ezustekoak. Besteren artean, Nestor Basterretxea eta Elena Asins euskal artistek eskainitako obrak ikusgai eta salgai izango baitira irekitzear duten «milakabilaka arte» atalean.
Aste batzuk itxaron beharko dira sail berriak argia ikus dezan, baina denbora horretan asper ez gaitezen, hainbat kontzertu antolatu dituztela adierazi dute Milakabilakako kideek.