GARA > Idatzia > Igeriketa

«Euskal Herrian igeriketak ez du inolako pisurik»

IBAN AGIRRE
Igerilaria

Igeriketan beteranoa den arren, betiko ilusioa eta gosea izaten jarraitzen du oiartzuarrak. Bere kirolaren maitale eta langile sakrifikatua apirilean jokatu zuten Espainiako Txapelketatik urrezko eta zilarrezko dominekin itzuli da. Hala ere, kritiko ere ageri da igerilari berriekin, «diziplina falta» dela-eta, azken urteetan batez besteko maila «asko jaitsi» dela onartzen baitu.

Arnaitz GORRITI

Maila handiko kirolari izatea ez da erraza. Talentua behar da, eta lan handia eskatzen du; denbora luzean, gainera. Igeriketa ez da Euskal Herrian jarraitzaile gehien duen kirola, baina baditu, dena den, maila handia ematen dutenak. Horietako bat Iban Agirre oiartzuarra da. Hamar urte baino gehiago dira Estatu espainoleko elitean ari denetik. Hala ere, motibaziorik ez du falta oraindik.

Dagoeneko 32 urte beterik dauzkazu eta bi dominarekin. Gerra emateko prest?

Egia da, bai, kirol honetan nire adineko jende asko ez dela geratzen. Kanpoan badago jendea, hala eta guztiz ere, gehiago irauten duena.

Bestalde, azken hamar-hamabost urteotan igeriketari dena eskaini dion kirolari bat naiz, azken baten, besterik gabe.

Zein duzu sekretua maila altuan hainbeste irauteko?

Konstantzia, diziplina. Burugogorra izan behar da; apur bat, bederen. Noski, gaitasunak ere eduki behar dira, bestela jai baitago, baina hasieratik.

Gero, gainera, hainbat klubetan ibili naiz eta lan handia egina naiz. Horren eredu da ez dudala inongo entrenatzailerekin arazorik eduki. Uretara noanean ez dut esango lanera noanik, baina bai betebehar bat betetzera, ahal dudan guztia emanda.

Emaitza onekin, gainera. Kluben arteko Espainiako Txapelketan bi dominarekin baizatoz.

Ez naiz, ez, kexatuko. Urtea nahiko ongi doakit, eta espero dezagun hemendik hilabete eta erdira antzera doazen gauzak. Hurrengo erronka Espainiako Txapelketan berriro ongi ibiltzea izango da, beraz. Nire markak hobetuko banitu, berriz, hainbat hobeto.

Nolakoa duzu egun normal bat?

Une hauetan bi lehentasun dauzkat: nire lana eta igeriketa. Beraz, sei-zortzi ordu inguru pasatzen ditut lanean, eta handik ateratzean entrenatzera joaten naiz, ordubete bat eguerdian eta gero arratsaldetan, eta gimnasiora astean hiru aldiz. Lehen, askoz gehiago entrenatzen nintzen, bizpahiru ordu edo. Orain, txapelketetarako fintzea bakarrik falta da.

Halako ibilbidearekin markak jaistea posible ikusten al duzu?

Ez dut lehenagoko erritmoan entrenatzen, lan ere egiten dudalako beste alde batetik, baina oraindik mantentzen naiz minutu eta hiru segundoren inguruan ehun metro bular estiloan. Gogorrago entrenatuz gero, markak jaistea posible da. Nik neuk birritan jaitsi dut minutu eta hiru segundotik. Dena den, ezin diot igeriketari halako dedikaziorik eskaini.

Azken txapelketetan euskal igerilariek bederatzi domina irabazi dituzue. Maila ona al du, bada, euskal igeriketak?

Tira, bai Euskal Herrian, bai Estatuan, batez bestekoa txarra dela esango nuke. Gero bai jende oso ona «puntazoak» ateratzen dira, baina oro har, maila eskasa da. Azken bost urteetan batez bestekoa asko txartu da. Irabazteko denborak hobetu egin dira, baina finalean sartzeko denborak asko eskastu dira.

Zer dela-eta, zure ustez?

Diziplina falta ikaragarria dago. Ezin zaio, geroko «harrobiari» batik bat, ordu asko sartzerik eskatu. Lehen entrenatzaileak zioena zehatz betetzen zen; orain ezin da gehiegi eskatu, inor ere ez da itzuliko-eta.

Dena den, sekula ez zara, esaterako, Olinpiar Jokoetan izan. Olinpiar urteek maila igotzen dute?

Ni neu Sidneyko Olinpiar Jokoetatik at bost ehunenekogatik geratu nintzen, eta Atenaskoetatik at ere gutxigatik. Asko nabarituko da hori hurrengo urtean Olinpiar Jokoak direla-eta, jendea ondo prestatuko delako.

Zeure buruari gehiago eskatu beharko diozu, hortaz?

Horixe baietz! Gustatuko litzaidake, noski, Olinpiar Jokoetan parte hartzea, baina hori erdiesteko erabateko dedikazioa beharko nuke, eta ezin dut.

Hain eskasak dira diru laguntzak?

Zer uste duzu zuk? Hor dago bada! Igeriketak ez du saltzen. Bekak eta halakoak banatzean ez dituzte emaitza batzuk kontuan hartzen. Hemen mendizalea- edo ez bagara, akabo! Igeriketak ez du inolako pisurik! Edo estropadetarako diru-laguntzak... Errua nirea izango da, kirol egokia aukeratu ez dudalako.

Egindakoarekin konforme nago, dena den, baina aurrera jarraitzeko helburu batzuk jarri behar dira, bestela ezin da entrenatzen jarraitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo