Kafe Antzokia Irlandako doinuz jantziko du Bilbo Hiriaren festak
«Hamar urte, hamaika amets» lelopean ekin zion Bilbo Hiria irratiak hamargarren urteurrena ospatzeari. Iragan diren hilabeteetako ospakizunei The Dubliners irlandarren emanaldiak emango die segida. Mieltxo Monfortek agindu duenez, ez da azkena izango.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Hamargarren urteurrenaren atarian hasi zen Bilbo Hiria irratia ospakizunei begira. «Hamar urte, hamaika amets» lema hartuta abiatu zuten ekimena eta, etzi, The Dubliners irlandarrak ekarriko dituzte Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokira. Mieltxo Monfort, hedabideko koordinatzaile eta esataria -«Ibaizabal» magazinea eta «Artekaleko kriseilua»- gustura azaldu da: «Folk munduko talde mitikoa etorriko zaigu Euskal Herrira. Zortea izan dugu, Dubliners hautatzeko aukera izan dugulako, Zenbat Gararen -irratiaren sorrera bultzatu zuen euskara elkartea- eta Kafe Antzokiaren -bertan du egoitza irratiak- laguntzaz, jakina. Gainera, irlandarrak direla kontuan hartuta, seguru festak ordu txikiak arte iraungo duela».
Udazkenera begira, Gabriel Aresti euskaltegiarekin, musika talde herrikoiekin eta oroimen historikoarekin lotutako ekimenak egitekoak direla aurreratu du. Iragan urteei begira, aldiz, 1997an jarri zituzten zenbait helburu beteak dituztela esan du eta beste horrenbeste geratzen omen zaizkie: «Arazo ugari gainditu ditugu eta, oraindik oso gazte den hedabide honetan, antena, tresneria eta halakoekin hobetu beharra dugu, ordutegiak, entzutegia... Errealitatera egokitu nahi dugu, irratia oso txikia delako eta irrati txiki duin euskalduna egin nahi dugulako». Egun, saioen %99 euskaraz egiten da -zenbait elkarrizketa eta kolaborazio salbu, guztia- eta hasierako ordubeteko emisiotik denetariko emankizun zerrenda osatzera iritsi dira. Goizetako magazinean euskal gaiak eta nazioartekoak landu eta arratsaldez kulturari heltzen diote -kirol eta zientzia saiorik ere baduten arren, azken hau Elhuyarrekin elkarlanean-. Denetariko musikak jorratzen dituzten saioak ere ez dira falta. Baina, Monforten iritziz, gisa honetako irratien hutsune nabarmenena denak bateratzen dituen elkargunea da. Ipar Euskal Herriko Irratien Federazioari edo berriki sortu den Nafarroako Irratien Sareari begira jarrita, «EAEn halako zerbait behar dugu» ziurtatu du: «Pixkanaka egin behar dugu. Irrati bakoitzaren nortasuna errespetatuz, jakina». Horri helduz, Bilbo Hiria zenbait irratirekin saioak trukatzen hasia da.