GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Laranja zitron

Ines INTXAUSTI
Telebista kritikaria

Badatoz udako programak. Arinagoak izaten dira, asmo handirik gabe ekoitzitakoak. Eta freskoagoak. Uda sasoia ez da erronka handietarako mementoa telebistaren begietarako. Baina sugeak beti suge. Orain dela gutxi hasi da «Apenas-3» katean «Cambio radical» izeneko saioa. Bertan -erraz asmatzekoa baita- txoriburu batzuei gorputza aldatzeko aukera eman diete (burua ez), gaurko gizartearen «kanon standarraren» irudia jarraituz. Alboko kateko lagunek, ordea, hamaika lagun friki (gure Juanito Oiarzabal barne, zer egiten du zortzimiladunak hor?) Hondurasko uharte batera bidali dituzte bertan argaltzeko eta erdi biluzik erakusteko.

Publizitatea ere goitik behera aldatzen da egun hauetan. Estetika bultzatu eta goraipatzen duten iragarkietatik kanpo, orain dietak nola egin, gantza galtzeko zer hartu eta hilabetean beste bat nola bihurtu aholkatzen digute, eskuan txokolate zatia dugula sofan etzanda gaudenean. Horrela nengoen joan den egunean eta, bat-batean, esnatu eta formazioan jarri nintzen (ez forman) egongela erdian. Hain zuzen ere, Iratxe Elorriaga emakume ezin ederragoa pantailan azaldu eta hura bete zuenean. Andoni Aizpuru eta Urko Aristiren (biak maitagarriak) «Errepidean» nengoen, jakina. Urko, Jagoba Manterola argazkilariari jarraipen sutsua egiten ari zen Iruñean eta, nola ez, are sutsuago Andoni Aizpuru, mela-mela eginda Iratxeren alboan. Iratxek oso azkar barneratu du betiko «diven» jarrera. Bere solasa oso xumea da, ekologista, alternatiboa, bihozbera eta -azken finean- inozoa izan arren, Begum Salima zirudien bere beira-ale indiafrikarren pean. Ez du ematen haragizkoa denik, baina gainean zeramatzan oihalak haragi gutxiko neska-mutilek egindakoak dira.

Oihal gutxi ikusiko da hemendik aurrera gure telebistan. Ez ezazue uste jainkojale bat naizenik, ezta gutxiago ere. Elizaren protokoloak eskatzen duen ikuspegitik berrogei urte daramatzat Jainkoa ahoan sartu gabe, aibalaostia! Baina beharrezkoa al da hau guztia, publizitatea, saioak, korporazioak? Ba, propaganda eta persuasioak baietz esaten digute. Gora Hovland!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo