GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Zaharrarekin berririk ezin egin...

Hats berria ez da hauteskundeetatik etorriko, karroza zaharrak atera dituzte eta lazo polita ezarri diote baina bera da, Medefarekin irriz karkailako gibelean.

Izan ere, hauteskundeek ekarri digutena nahiko zaharra baita guretzat, nahiz eta errepikatzen diguten aro berri bat hasten dela. Lehen gobernua ikusiz, elefanteak ez dira baizik eta dinosauroak. Alliot ezagutzen dugu, praktikatzen dugu eta herri berezi bat dagoela ordezkatzen duen lurraldean ukatu izan du beti. Zenbat aldiz hemen eramandako ekintza poli- tikoa mespretxuz ez duen tratatu? Hark goi mailako politika baizik ez du begiratzen eta nahiko ongi ateratzen zaio, urte andana daramalako ministerio baten buru. Presidentzialak huts egin dio, baina ez du amore emanen eta han gainean jarraituko du, frantses estatuaren interesak defenditzen. Besteendako berdintsu, Juppék garapen iraunkorraren aldeko politika berria bultzatuko duela? Indar nuklearraren beharra zalantzan emanen duela eta bide berri batzuk irekiko dituela? Iruzurra egiteagatik zigortu zuten honek ez du alderdia eta boteretsua defendatzea baizik egin orain arte! Hau da berrikuntza!

Mugimendu demokratak ekarriko omen du politika egiteko manera berria ere. Oso modan dagoen ideia da funtsean, denek baliatzen baitute. Eta ideia honek EAJ konbentzituko zuen Bayrouren alderdiarekin akordioa egin baitu. Errazago zaio EAJri UDFkin joatea, abertzaleekin baino. Hautu estrategikoa noski, Europarako bultzatutako taldea gorpuzten da UDFk sortutako mugimenduan. Manera egokia UDFrentzat UMPkiko desberdintasun baten markatzeko, jakinez negoziatutako hiru eskakizunek gehiengoaren oniritzia duela Euskal Herrian. Baina EAJk ez du ordezkaririk lortzen heldu diren hauteskunde hauetan. UDFk sostengua onartzen du, baina eremua babesten du, bere esku atxikiko du. EAJren hedatzea neurriz onartuko du. Bestalde, EAJren helburu estrategikoak ditugu hemen seinalatuak. EAJk ez dio konfliktoaren konponketan lehentasuna ematen, alderdiaren interesak ditu babesten berriz ere. Konfliktoaren konponketan inbertsioa egitea Euskal Herria Bai koalizioan jarraitzea izanen zen, Ipar Euskal Herriko abertzaletasun askotarikoaren alde indarrak ezartzea. Bestelako hautua egiten du, abertzaletasunaren garapenari traba bat emanez. Dirua ekartzen du Iparraldera EAJk, dudarik gabe, dirua baitu. Baina ez da aski Iparraldearen berreuskalduntzeko eta herri konzientziaren laguntzeko. Euskal Nortasun askotarikoaren alde egitea, nortasun horren defenditzea merezi duela erakustea, ez da UDFrekiko akordioaren bitartez egiten. Berriz ere, EAJk huts egin du, joan da alderdi azkarrago baten aldera. Alta, UDFk Euskal Herria ikusten du betitik Lasserrek Euskal Herria ikusi duen gisan: 2x2 bidearekin, AHTrekin, Hegoaldearekiko harreman komertzialak indartuz, eta beti bera Kontseilu Nagusiaren buru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo