GARA > Idatzia > Gutunak

juanjo goikoetxea san roman Altsasuko EAE-ANVko kidea

Demokrazia aldarrikatu izanak harritzen dituenei

Pasa den igandean Altsasun Sakanako NA-BAIren zerrendak aurkeztu ziren. Diozuen moduan, demokrazia eta putxerazoa salatzen zuen jende taldea zegoen eta egia da EAJ bereziki ahotan hartu zutela. Hala ere, ez dugu oso ongi ulertzen nola halakorik espero zenuten eta, aldi berean, harritzen zaituzten. Bitxia iruditzen zaigu Euskal Herrian zer ari den pasatzen ez jakitea, Nafarroan batik bat Sakanan.

Datorren igandean izanen diren hauteskundeak anti-demokratikoak izanen dira eta milaka pertsonaren eskubide zibil eta politikoak ilegalizatuko dituzte. Eta nahiz eta Altsasun EAEk egoera hau pairatzen ez duen, Parlamentuan egoera gordina bizi dugu. Estatua Etxarri, Bakaiku, Iturmendi eta Ziordiko herritarrek askatasunez euren ordezkariak ez hautatzeko ahaleginetan dago.

Ez dirudi demokraziaren aurkako eraso honek eta herritarren borontearen errespetu ezak garrantzi handiegirik duenik, hauteskunde-ekitaldiak askatasunean egin behar direla diozuenean aipamenik egiten ez baitiozue. Demokraziaren aurkako eraso baten aurrean gaudenean, egoera honen salaketa esate baterako (inolaz ere ekitaldia eragotzi ez zuena) arazo bihurtu nahi duzue, oinarrizko arazoari heldu gabe.

Demokraziaren aldarrikapenean elkarrekin bat egiteko animatzen zaituztegu nahiz eta hori sinestea kostatzen zaigun, ikusita demokrazia ezaz aprobetxatu direnek zerrendetan errepikatzen duten. Gustatuko litzaiguke pentsatzea, Etxarrin, Bakaikun eta Ziordian demokraziaren aldarrikapena praktikara eraman behar duzuela, baina zuen erantzunak ez doaz ildo horretatik. Aipatu hiru herri horietan zuen esku dago ilegalizazio guztiak gainditzea eta hauteskunde demokratikoak egitea. Horretarako ere mahai gainean proposamen posible eta errealak jarri dira. Berriro diogu, zuen esku dago.

Egoera honetaz guztiaz etekina ateratzearen alde jotzen baduzue ilegalizazioaren alde eta herritarren borondatea errespetatzen ez baduzue, hala dirudi, bederen, hori egiten jarraitzen duzuelako Ertzaintzako txostenetan, non 10.000 herritarren aukera politikoak fiskalizatzen diren, demokraziaren diskurtsoa hutsa geratzen zaizue, horrela ez izateko gonbidapena egiten dizuegu. Josu Jon Imazek PPrekin egin daitezkeen itunen inguruan esandakoaz, zuen iritzia jakin nahiko genuke, baita PP eta PSOEri helarazi zion «itun antiterrorista»ren proposamenaz, Patxi Zabaletak «ausart» gisa definitu zuena.

Hitz egiteko eta akordioetara iristeko guk ere borondatea badugu eta ez dugu gurekiko errespetu baldintzatzat jartzen. Gure baldintza herritarren borondatearen errespetua baita, bai gatazka politikoa gainditzeko bai aurrera eramateko beharrezkoak diren baldintza demokratikoak sorrarazteko, eta, honenbestez, hauteskunde prozesua. Hortara animatzen zaituztegu, herritarren borondatea errespetatuz, nahi duzuenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo