GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eguraldiak goxatu ez zuena sagardoak berotu zuen

Ez da huts egiterik. Horrelaxe pentsatuta akaso makina batek Usurbilgo bidea hartu zuen; izan ere, herritarrak bai, baina kanpotik bertaratutakoak ere gero eta gehiago dira. Beste behin, sagardogileek jo eta su aritu behar izan zuten egarri zirenak eta ahalik eta gehien dastatzeko grina zutenak asetze aldera.

Maider EIZMENDI

Euritan eta fresko antzera esnatu zen atzo eguna; etxean geratzera egiten zuen gonbita. Baina janak eta edanak tentazio handia sortzen du nonbait, eta ehunka lagun bertaratu ziren, beste urte batez, Usurbilgo XXVI. Sagardo Egunera. Urteroko hitzordua egina dutenek jakin bazekiten euri giro paregabearekin egingo zutela topo, eta ondo asmatu ere.

Hala, eguerdirako Dema plazan zeuden sagardogileak jo eta su ari ziren botilak hustu eta hustu. Tartean zegoen Xabier Murua, antolatzaileetako bat. Azken urteetan herriko jendea ez ezik inguruko herrietatik ere makina bat jende bertaratzen dela zioen, eta tartean sagardozale ugari bada ere, «parrandazale» gehiago dagoela nabarmendu zuen barre artean. Muruaren esanetan, 48 sagardo postuen artean aukera egitea ezinbestekoa gertatzen da. «Posible da denak probatzea, baina...», esan zuen.

Guztietatik edatea zailtxoa zen; oso gutxik egin zioten muzin, ordea, Errusiako sagardoa dastatzeari. Inguratzerako, lehen inpresioak entzun ahal ziren. «Hau klaretea da», esanez zetorren gizon bat algaraka, edalontzian gorri koloreko sagardoa zekarrela. Atzetik, berriz, bestea tankera berean, edaria edalontzian hartu eta aurpegia zimurtuta. Baten eta bestearen iritziak alboratuta, zalantzarik ez da iaz bezalaxe arrakasta itzela izan zuela postuak, ikusi baino ez inguruan zegoen jende pila. Horregatik akaso, Victor Garcia Kutukov gustura zebilen Errusiako sagardo postuan. «Guk ekarritako sagardoa, bertakoarekin alderatuz gero, ezberdina da. Hemen egiten den moduan egiten dugu guk, sagardo naturala, baina sagarra ezberdina denez, beste zapore eta itxura bat hartzen du», azaldu zuen. Errusiarrak ez ezik, Galiziako eta Kantabriako sagardoak dastatzeko aukera izan zen.

Edanarekin bakarrik goiza pasatzeko modurik ez zegoela jabetuta-edo, urdailaren gozagarri Askatasuna plazan pintxoak zituzten aukeran, eta horrelakoetan ohikoa izaten denez, alferrik galtzeko beldurrik gabe aritu ziren pintxoak prestatu eta prestatu.

Botatzaileak lehian

Goiz guztian, eta tartean-tartean egindako euri zapartxoak zirela-eta, frontoia jendez lepo egon zen, baina ordu baterako iragarritako Sagardo Botatzaileen Lehiaketak askoren jakin-mina piztu zuen. Orotara, zazpi lagun aritu ziren nor baino nor, sagardoa sei basotan nork hobeki zerbitzatzen zuen lehian. Irabazte aldera jarritako baldintzak zituzten ahalik eta estilorik dotoreenarekin aritzea, alferrik sagardorik ez galtzea eta edalontzi bakoitzean pareko kantitatea izatea. Nerbioak tarteko-edo, bateren bati parrasta ederrak erori zitzaizkion oholtzara, eta tartean bazen bosgarren edalontzirako botila hustu zuenik ere, pilotalekuan batutako jendearen gozagarri.

Lehia estuan, Iñaki Agirresarobe izan zen garaile. Txapela buruan jantzita, Sagardo Egunak eskola izan dituela zioen. «Hemen ikasi dut sagardoa botatzen, eta lehiaketa honetan ere hainbatetan parte hartu izan dut, dozena erdi bat alditan edo». Saiatzearen saiatzearekin, azkenean atzo hain estimatua den lehen saria etxeratu zuen.

Goizeko ikusmira amaiturik, Sagardo Egunera bertaratutako hainbat Ugarten izan ziren bazkaritan; eta arratsaldean, berriz, pilotalekuan izan zen erromerian izan zuten goizean goizetik jan eta edandakoari buelta emateko okasioa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo