Mikel Aramendi Kazetaria
Bizi bitarteko agintarien berpizkundea
Desagertu, inoiz ez ziren erabat desager-tu, baina duela urte batzuk bazirudien agintea utzi gabe hilerriraino lehendakaritza-jauregian irauten zutenen kasuak bakantzen ari zirela. Eta, batez ere, nazioartean nahiko itzal apala zuten herrialdeetan baino ez zela halakorik gertatuko aurrerantzean. «Bi edo hiru agintaldi eta kito» irizpidea gero eta Konstituzio gehiagotan espresuki ezartzen zen, munduko lehen potentzian araututa zegoenari jarraitzeagatik, edo auskalo zergatik. Agintean zortzi-hamar urte nahikoa direlako onena ere nazkante galanta bihur dadin, agian.
Orain, ordea, itzulbidean abiatu garela ematen du. Gero eta gehiago dira lehendakarien agintaldien kopurua legez zehazki mugatuta eduki arren, nola edo hala eragozpen hori gainditu eta (ia) hil arteraino urrezko aulkian geratzeko asmoa eta egitasmoa dutenak. Kazakhstango N. Nazarbaiev izan da urrats hori argiro egin duen azkena, eta inor ez da harritu: hamasei urte, herrialdeak independentzia lortu zuenetik alegia, daramatza agintean eta agintaldi horiek nahi ahala luzatzeko «salbuespen» baimena eman dio Parlamentuak, ia aho batez. Besteren kalitate demokratikoa epaitzen saiatzen diren horiek ere fitsik esan ez dutenez hemendik aurrera bere adina izango du etsai serio bakarra. 67 urte betetzear dago.
Munduko erregai erreserba handienetako batzuen jabe dugun Nazarbaiev iraunkorraren kasua ez dela salbuespen bitxi bat frogatzera dator, ordea, urruti gabeko Pakistanen gertatzen ari dena. Iazko irailean Estatu Batuetara egin zuen bisitaldi erabakigarriaren ondoren, Musharraf jeneralak argi du ontzat ematen diotela pakistandar konstituzioak ezartzen duen bi agintaldiko mugapena gainditzea. Lehenago estatu kolpea onartu zioten bezala. Edota, bere hitza janez, bere agintea «zibilez jantzi» zuenean Armadaren agintea ere bere eskuetan mantentzea ametitu zioten bezala. Ez du ematen pakistandarrak horren eskuzabalak direnik euren lehendakariarekin, baina bizi osoan agintean iraun nahi duen edonork bezala, Musharrafek badaki nola eman behar zaien egurra esker txarreko horiei.
Arazoa da bizi osorako aginteak ugaritu ahala, agintari horien bizia laburtzera zuzendutako «politikak» ugaritu beharko direla oposizio indarren aldetik...