CFA
Avironek partidako azkeneko minutuetan berdindu du
Jon LEUNDA | BAIONA
Aviron Baionakoak etxean jokatu zuen aurten azkeneko partida, eta ezin izan zuen irabazi, nahiz eta ez zuen ezertxo ere jokoan. Jardunaldi bat geratzen da Liga amaitzeko, eta azkeneko neurketan gertatzen dena gertatu, zuri-urdinek hirugarren amaituko dute denboraldia.
Aurillacen aurkako partida irabaztea merezi izan zuten, kanpotarrak baino gehiago izan baitziren. Lehen zatian berenak izan ziren aukerarik onenak, eta atsedenera joan aurretik, Labarbek egin zuen etxekoen lehen gola.
Bigarren zatian ere euskaldunak atera ziren partida erabakitzeko asmotan, baina kanpotarrek partida berdindu zuten. Neurketa amaitzeko bederatzi minutu geratzen zirenean, berriz, Betrandek baloia bere atean sartu zuen, eta Aurillac aitzinatu zen.
bazirudien puntuek ihes egingo zutela Baionatik, baina El Hajjamek berdindu zuen norgehiagoka finitzeko lau minutu besterik geratzen ez zirenean.
Genetsek irabazi
Genetsek, berriz, 1-2 irabazi zuen Saint Georgesen zelaian. Hori-berdeak hobeak izan ziren, eta merezitako garaipena erdietsi zuten. Azkenaldian euskaldunen emaitzak ez ziren onak, nahiz eta ez zuten ezer jokoan, eta atzo, behintzat, lau puntuak hartuta etxeratu ziren. Azkeneko partidan Rodez taldea hartuko dute.