GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Bigarren Maila

Lasak nahi bezala irabazi du Legorretako neurketa

Mujika, Aierbe II.a, Ugarteburu, Mugertza II.a eta Zubizarreta ere uztailaren 7an Usurbilgo plazan jokatuko den final handian izango dira

Jon LEUNDA | LEGORRETA

Lasak, Mujikak, Aierbe II.ak, Ugarteburuk, Mugertza II.ak eta Zubizarretak lortu zuten atzo Legorretan, uztailaren 7an Usurbilen jokatuko den Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketako finala jokatzeko txartela. Atzo Legorretan sekulako jendetza batu zen kanporaketa ikustera, eta bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Aizkolariek hiru txandatan egin behar izan zuten lan, guztira hamabi baitziren, eta horrela bakoitzean lau aritu ziren. Dudarik gabe, txandarik ederrena eta estuena lehenengoa izan zen. Bertan, Aierbe, Ugarteburu, Mugertza II.a eta Telletxea neurtu ziren, eta lehen hirurak hamabi segundoan sartu ziren; hirurek lortu zuten finalean izateko txartela. Telletxea kanpoan geratu zen.

Bigarren txandan, Elorriaga, Mugertza III.a, Alkizalete II.a eta Otaegi lehiatu ziren, eta horixe izan zen arratsaldeko multzorik eskasena, hiruretako inork ez baitzuen finalerako txartelik lortu. Elorriaga izan zen txanda horretako onena, baina Zumarragako aizkolaria ere ez zen finalean izateko denboretan sartu. Horiek hala, denak geratu ziren kanpoan.

Hirugarren eta azkeneko txanda ere ez zen txarra izan. Bertan, Lasa, Mujika, Zubizarreta eta Esnaola aritu ziren. Lasak irabazi zuen saioa, eta berea izan zen arratsaldeko denborarik onena. Bigarren Mujika izan zen, eta berea izan zen arratsaldeko bigarren markarik onena. Hirugarren Zubizarreta azpeitiarra geratu zen, eta horrek ere finalean izateko txartela bereganatu zuen. Esnaola bakarri geratu zen kanpoan.

Itxura bikaina

Atzo Legorretara joan ziren zaleek Lasa ikusi nahi zuten. Berak hemendik hilabete batera apustua dauka Txapartegiren aurka aizkoran eta segan, eta duen maila jakin nahi zuten zaleek. Atzo beste guztien gainetik agertu zen, eta bigarren sailkatuari minutu bateko eta hogei segundoko aldea atera zion. Kontuan hartuta zer-nolako lana zuten, aldea handia izan zela onartu beharra dago.

Atzo Legorretan izan zen saioan, ezuste bat baino gehiago izan zen. Agian gutxik usteko zuten Zubizarreta hor izango zela, baina azpeitiarrak lan ona egin zuen, eta ongi merezitako txartela lortu zuen. Kanpoan ustekabean geratu da Otaegi. Azkenaldian aurrean zebilen, baina atzo ez zuen lan ona egin. Jendeak Telletxea ikusi nahi zuen. Iaz Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan lan bikaina egin zuen, baina atzo azken-aurreko postuan amaitu zuen.

Floren Nazabal

Floren Nazabalek marka ahalegina egin zuen atzo, Arbizun, kanako enbor batekin. Etxarriko aizkolariak lan ona egin zuen, eta 9 minutu eta 42 segundoan erdibitu zuen kanako enborra. Hala ere, Mendizabalek duen marka ezin izan zuen apurtu. Adunakoak 9 minutu eta 38 segundoan baitauka errekorra. Beste alde bat ere badago. Izan ere, orduan Mendizabalek bi kanako erdibitu zituen, eta atzo Nazabalek, bakarra.

Kanporaketa estua

Legorretako saioa estua izan zen. Lehenengoak aldea atera zien gainerakoei, baina bigarrenetik bosgarrengora hamalau segundoko aldea besterik ez zen egon, eta horrek ikuskizuna edertu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo