HARRI-JASOTZEA
Irigoienek erakustaldi aparta eman du Adunan
J.L. | ADUNA
Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo Adunan jokatu zen lehiaketa. Bertan, Gorostidi harria zuten erabiltzeko bost minutuan. Harri hori zilindro zaharra da, eta 185 kilo pisatzen ditu. Gainera, esku-leku bakarra dauka, eta horrek asko zailtzen ditu gauzak eta lanak.
Harri hori Gorostidik jaso zuen orain dela 25 urte esku bakar batekin, eta 77 kilo besterik ez zituen pisatzen. Urtemuga hori ospatzeko antolatu zuten lehiaketa. Jendeak erruz erantzun zuen, Adunako pilotalekua txiki geratu baitzen han batu zen jendetza hartzeko. Amaieran ez zuten damurik, lan txukuna ikusi baitzuten.
Aimar Irigoienek lan bikaina egin zuen, eta bera izan zen txapelduna 11 jasoaldi eman da. Kontua, ordea, ez da berak lan ona bakarrik egin zuela, gainerakoei kendu zien aldea izan baitzen nabarmentzeko bestea. Bigarrenari hiru jasoaldi kendu baitzizkion.
Izeta III.a izan zen lehian hasi zen kirolaria. 100 kilotik behera pisatzen zuen kirolariarentzat ere bazegoen saria, eta hori beretzat izan zen, ez baitzen pisu horretako besterik agertu. Aiarrak bi aldiz berdindu zuen harria bizkarrean, eta ustel bat ere izan zuen.
Aiarraren atzetik, Mieltxo Saralegi plazaratu zen. Aspaldian lehiaketetan ez da askotan ikusten leitzarra, eta atzo Adunan izan zen. Bost jasoaldi eman zizkon harriari, eta bi ustel izan zituen.
Atzetik, berriz, Aimar Irigoien plazaratu zen. Errezildarrak sekulako lana egin zuen, eta harria hamaika aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean.
Laugarren plazaratu zena Goenatxo izan zen, eta azkoitiarrak sei jasoaldi eman zizkion Gorostidi harriari. Bi ustel ere izan zituen Azkoitiko harri-jasotzaileak.
Joseba Ostolatza izan zen plazaratu zen azkena, eta bera zen Irigoien mendera zezakeen bakara. Gainera, jakin ere bazekien zer lan egin behar zuen, baina zortzi jasoaldirekin konformatu behar izan zuen. Hala, sailkapenean bigarren amaitu zuen.
Aimar Irigoien izan zen atzoko onena, eta horretan inork ez zuen zalantzarik izan. Jasoaldiez gain, beste inork baino askoz ere erritmo handiagoa ibili zuen, eta sekulako sasoia erakutsi zuen. Gainera, oraindik 21 urte besterik ez du.