GARA > Idatzia > Gutunak

Andoni Tolosa (gurasoa) Atarrabia

Atarrabiako haur eskolan euskara dela-eta oraindik baztertuta

Atarrabiako Udalarentzat gure seme-alabentzat euskarazko heziketa nahi dugunok bigarren mailako hiritarrak izaten jarraitzen dugu. Haren esku dagoen Amalur Haur Eskola publikoan, aurten ere, ez dute aintzat hartu gurasook egin dugun eskaera, eta Udaleko hezkuntza batzordetik beste irizpide batzuen arabera (euskarari behar duen lekua ez ematea, esaterako), atera dituzte plazak. Euskarazko eskaera askoz handiagoa denean eskaintza txikiagoa da. Nola uler daiteke?

Emaitzak oso argiak dira. Datorren ikasturterako 36 plaza gaztelaniaz eta 25 euskaraz eskaini dituzte; 61 guztira. 68 haurrek eman dute izena euskarazkoan eta 49 gaztelaniazkoan; guztira 117. Erdiak kanpoan geratu beharko duenez, haur eskola horrek ez ditu betetzen inondik inora atarrabiarron beharrak.

Aurtengoan berrikuntza bat ere egon da, zerrenda bakarra, baina horren aitzakian benetako arazoa estaltzen ari dira. Zerrenda bakar horretan bakoitzari dagozkion puntuen arabera sailkatzen dira haurrak, baina gero bakoitzak ezin du nahi duen hizkuntza eredua hautatu: euskarazko plazak bete badira, gaztelaniazkoan eta kito.

Izena emateko epea ireki aurretik, Atarrabiako berrogei gurasok sinatuta, konponbide proposamena egin zitzaien Udalari eta bertan ordezkaritza duten taldeei: UPN, PSN, EA-Atarrabia, Aralar eta EB. Iaz ere, arazo berarekin joan ginen Udalera, urte bat beranduago inork ez du gaia seriotasunez tratatu, eta «ulertzen dugu, baina ezin da ezer egin» erantzun digute. Ultzama plataforma izan da kezkatu eta entzun gaituen bakarra. Borondatearekin gauza asko konpon daitezke, eta euskaldunon eskubideak defendatzeko borondate gutxi dute orain udalean daudenek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo