Areto futbola
Bigarren zatian egindako jokoak puntu bat eman die Hegoaldeko neskei
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Hegoaldeko neskek berdinketa bat lortu zuten Logroñora egin duten bidaian. Liga amaitzeko bi jardunaldi geratzen dira, eta tolosarrak sailkapeneko erdi-erdian jarraitzen dute, eta ahalik eta txukunen amaitu nahi dute denboraldia, nahiz eta ezer ere ez izan jokoan.
Errioxako hiriburuan jokatutako neurketak bi zati ezberdin izan zituen. Lehen hogei minutuetan etxeko taldea nagusi izan zen. Aukera dezente izan zituzten, baina gipuzkoarren ate inguruan nahiko kamuts ibili ziren. Egia da baita ere, Itziarrek, Hegoaldeko atezainak, egindako lana oso ona izan zela. Hala ere, errioxarrek atsedenera joan aurretik lortu zuten lehen gola, eta 1-0koarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren. Urdinek lehen minutuan berdinketa lortu zuten, eta hortik aurrera, aukerak bi ateetan izan ziren. Tolosarrak partida irabazi zezaketela konturatu ziren, eta orduan garaipenaren bila abiatu ziren. Maiderrek 1-2koa lortu zuen partida amaitzeko zazpi minutu falta, baina bi geroago etxekoek berdindu egin zuten. Azkeneko minutuetan ere izan ziren aukerak, baina markagailurik ez zen gehiago mugitu.
Mutilak
Mutiletan Euskal Herriak dituen bi talderik onenentzat, aste garrantzitsua izango da, denboraldiko partidarik garrantzitsuenak jokatuko baitituzte.
Ohorezko Mailan, MRA Navarrak bihar hasiko du Ligako bigarren fasea Benicarlon, eta berdeen asmoa kanporaketa hori gainditu eta finalerdietan sartzea da.
Hala ere, Imanol Arregik, taldeko entrenatzaileak, garbi utzi zuen atzo kanporaketa zaila izango dela: «Nik uste dut bigarren fase horretako kanporaketarik estuena dela. Benicarlok ez dauka beste talde batzuk duen izenik, baina oso jende ona du. Hala ere, guk geure aukerak behar bezala aprobetxatzen baldin baditugu, aukera asko izango ditugu», esan zuen.
GSI Bilbok, aldiz, Valentzia izango du aurkari Ohorezko Mailara igotzeko azkeneko kanporaketan aurrean izango duen taldea. Bizkaitarrek berriro ere kanporaketa etxean erabakitzeko modua izango dute.
2
2