Bigarren mailako Buruz Burukoa
Xabier Galartzak osatuko du bizkaitarren arteko finala
17 eta 9 galtzen joan arren, garaiz esnatu eta Alberto Beloki mendean hartzea lortu zuen lemoarrak. Urberuaga izango du aurkari datorren ekainaren 1ean.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Xabier Galartzak jokatuko du datorren ekainaren 1ean Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala Xabier Urberuaga bere lagunaren kontra. Aspaldiko partez, bi bizkaitar neurtuko dira final handi batean eta pilotalekua oraindik zehaztu gabe baldin badago ere, oso litekeena da herrialde horretan jokatzea.
Galartza VI.ak asko kostatako garaipena lortu zuen atzo Beotibarren, markagailuan oso atzetik ibili behar izan baitzuen denbora luzean. Bi pilotariak oso urduri irten ziren Tolosako kantxara eta horrek asko baldintzatu zuen bi manomanista indartsuren arteko lehia.
Galartzak ongi ekin zion neurketari eta bere kolpea erabilita, Alberto Beloki behin eta berriro gainditu zuen piloteoan. Hala, 4 eta 8kora iritsi zen bizkaitarra, baina hortik aurrera kontua asko aldatu zen.
Sakea baliatu, eta Beloki anaietan gazteenak partida ez bakarrik berdindu, baita partida nabarmen utzi ere egin zuen bere alderako erabakita. Edo itxura hori ematen zuen behintzat markagailuan nafarraren aldeko 17-9koa azaldu baitzen.
Galartzak, ordea, azken hitza esateke zuen oraindik eta sake ikaragarri bortitzari esker, tantoak pilatzen hasi zen bata bestearen atzetik. 13, 14, 15 eta 16. tantoak sakez egin zituen -zazpi sartu zituen guztira- eta azpitik etorrita 22ra iristeko gai izan zen lemoarra.
Hala, Xabier Galartzak bigarren mailako bigarren finala jokatuko du oso denbora gutxian. Orain dela pare bat hilabete Binakako Txapelketaren finala jokatu zuen Rober Uriarterekin batera Julen Retegi eta Jokin Argoteren kontra. Orduan esku hutsik geratu behar izan zuen eta bigarren aukera hori baliatu nahiko du txapela jantzi eta datorren urtean lehen mailako lehiaketan parte hartzeko.
Titinen laugarrena
Bestalde, benetan aipagarria da Titin III.ak asteburu luze honetan egin duen lana. 38 urteko aurrelari beteranoak lau partida jokatu ditu azken lau egunetan eta den-denak irabazi ditu. Ostiralean Derion 22-9 irabazi zuen Zubietarekin, larunbatean 22-4 Pascualekin Balmasedan, igandean 22-9 Laskurainekin eta atzo 22-19 Nalda III.arekin Capellan eta Pascualen kontra Tolosako Beotibar pilotalekuan. Txapela kentzeko modukoa.