Herrien arteko topaketak
Markina nagusitu da Balmasedako jaialdi hotz eta euritsuan
Eguraldiari aurre eginda eta Ibilaldiaren jaiari lotuta, norgehiagoka ederrak izan ziren Udal Pilotalekuan
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Bizkaiko topaketak ezin izan zuen ihes egin aurreko asteburuan Euskal Herri osoa, eta Enkarterriak bereziki, zigortu zituen eguraldi beltzetik. Igandean Ibilaldia Balmasedan egiten zela probestu eta herrialdeko zortzi herrik hartu zuten parte goizean Xibak antolatutako jaialdian. Euriak hala behartuta, proba Udal Pilotalekuan egin behar izan zuten.
Azkenean, garaipena Markinako taldearentzat izan zen 898 punturekin. Horrekin batera, Areatzak (891), Trapagaranek (879), Lekeitiok (878) eta Mungiak (872) ere lortu zuten Mendikotan, Zuberoan, ekainaren 30ean jokatuko den azken jaialdi nagusirako.
Antolakuntzak aipatutakoaren arabera, 200 bat ikusle bildu ziren goizeko 11.30ean hasi eta 13.30etan amaitu zen topaketa bertatik bertara jarraitzeko. Zortzi taldeak lau gunetan banandu zituzten proposatutako hamaika probetan aritzeko. Dirudienez, azken topaketa Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren barnean kokatu izanak, motibazio berezia sortu du parte-hartzaileen artean eta hori Balmasedan ere nabaritu zen.
Lehia sanoak
Orokorrean oso proba ederrak ikusi baziren ere, denen gainetik lasto-altxatzean, ingudean eta trontzan egindako lana nabarmendu behar da. Batez ere, lehen lau postuetan sailkatu ziren taldeen kasuan.
Baina proba jakin batzuen gainetik, taldeen artean izandako lehia sanoak piztu zuen ikusleen arreta. Eta arlo horretan, bi norgehiagoka esanguratsu ikusi genituen.
Batetik, Lekeitiok eta Markinak Lea Artibai eskualdeko talde onenaren izatearen ohorea izan zuten jokoan eta, bestetik, Trapagaran eta Areatzaren artekoa, topaketen historian jada betirako lekutxo berezi bat izango duten bi talde.
Azkenean, Markina eta Areatza izan ziren bi «pike» horietan garaile irten zirenak baina, zorionez, Trapagaran eta Lekeitio ere Euskal Herri mailako jaialdian izango dira Zuberoan eta lehia ikusgarri horretaz berriz gozatzeko aukera izango dugu.
Topaketa guztietan bezala, igandeko jaialdiaren ostean partaide guztiek bazkari oparoaz eta tipikoaz -Enkarterrietako giroan are gehiago murgiltzeko- gozatzeko aukera izan zuten, kasu honetan, Zubi-Zahar Ikastolak antolatuta. Eguraldi hotzari eta euritsuari aurre egiteko aukera paregabea izan zen eta, Ikastolen jai handiak izan zuen erdipurdiko emaitza ikusita, Xibak eskerrik beroenak eskaini nahi izan dizkio Balmasedako Ikastolari.
Bizkaikoa, aurtengo laugarren jaialdia izan da. Nafarroa Behereko eta Zuberoako jardunaldia egin zuten lehenik apirilaren 14an Baigorrin, Gipuzkoakoa maiatzaren 5ean egin zuten Bergaran eta Lapurdikoa astebete beranduago, 12an, Saran.
Aurrera begira, asteburu honetan atsedena hartu ostean, Araba eta Nafarroa Garaiko jaialdiak etorriko dira. Arabakoa Gasteizen egingo dute aurten ere, ekainaren 2an. Kontuan hartu behar da, gainera, azken urteetan Araba izan dela parte-hartzailerik gehien bildu duen herrialdea. Iaz, esaterako, hogei talde aritu ziren nor baino nor, 565 kirolari inguru, eta sekulako marka ezarri zuten: Arabako kuadrila edo eskualde guztiak ordezkatuta egotea.
Nafarroako topaketa astebete beranduago iritsiko da, ekainaren 9an, Atarrabian. Aurreko hiru urteetan talde kopurua ikaragarria izan ez arren -zortzi bat azken bi urteetan-, pentsatzekoa da jaialdi nagusiaren aurretik jokatuko den azkena izateak indar berezia emango diola Atarrabiako hitzorduari.