GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Antton Kurutxarri, Evariste Lako, Andde Sainte-Marie Abertzaleen Batasuneko kideak

Lasserre jauna, entzun eta ulertu Nafarroa Beherea

Lasserre jauna: baliatu zure kargua, behingoz Donibane Garaziko desbideratze famatu hori sakontzen hasteko egiazki. Bai, zinez uste dugu hori ere badela zure betebeharretarik bat

Bai, hori hitzeman zenuen, lehendakari jauna, Nafarroa Beherea zeharka lezakeen 2x2 bide proiektua dela eta. Orain da hitzetik ekintzarat pasatzeko tenorea!

Engoitik ez ote zira ohartua zein heinetaraino gure herrialdeko jendartea nazkatua eta errabiaz betea den? Ez ote zira ohartua hemengo gehiengo sozial handi batek behin betiko EZETZ errana duela 2x1.5(!!) bide proiektu eskandalagarri bezain arduragabeari?!

Ez gira behin eta berriz ariko, jada egina dugulako, proiektu horrek dakarren ingurumenaren kontrako desmasia itzulezinez eta arlo berdineko beste hainbat kontradikzioz. Ez, Lasserre jauna, oraindik ordu duzu, hitzeman duzun bezala, Nafarroa Beherearen oihua entzutea. Entzutea eta ulertzea, mintzatzen hasteko. Mintzatzen hasteko, alternatiba berri eta adostuak asmatzeko, gure herrialdearen garapen iraunkorra egiazki bermatzen hasteko. Helburu hori lortzeko badaukazu hemen Nafarroa Beherean solaskide ezinago sinesgarria: zure proiektuari, demokratikoki eta determinatuki EZ erran dion hautetsi politikoen gehiengo handia. Argitasun eta debate emankorren gose dira. Nafarroa Behereko hainbat herritarren gogo bihotzetan barneratua den, barneratu duzun, beldur gorri bat haizatu nahian dira. Hori da, gaur egun, zure eginbide bakarra. Ez ote duzu uste, arduradun politiko baten zeregin nagusia, herritarren kezka eta kexua agintari gorakoeneri helaraztea den? Hori baizik ez du egin orain arte gure herrialdeko hautetsien gehiengo zabalak.

Engoitik ohartua ziren bezala, Lasserre jauna, ez dira hautetsi guziak gai edo atrebitzen herritarren kezka eta kexua Paueraino helarazten: bakar batzuk, adibidez bide proiektuaren erdi erdian den Iholdi-Oztibarreko kontseilu orokorra, mutu eta isilik dago, goxo-goxo, posturarik hartu gabe. Engoitik ohartua zira funtsean, aspalditik zer funts daukan bere karguaz xori horrek! Alabainan, beretzat kantonamenduko hauteskundeak oraino urrun dira eta!?

Aitortu behar dautzugu, halere, sekula ahantzia bazenu, nafar eta abertzale gisa, aspaldi eta zu baino aise lehenago, Nafarroako bi aldeen hurbilketaren alde girela, argi eta garbi. Bai uste dugu Tutera hurbildu behar dela Mauletik, Tafalla Baigorritik, Zangoza Donapaleutik edo Lizarra Garazitik. Ez, ez dugu dudatzen bide hobeen bitartez ere, baina ez bakarrik, Nafarroa emeki eta segurki bateratuko dela, dugula. Hurbiltze baitezpadako horrek, Lasserre jauna, ez du, errabiatuki bultzatu nahi duzun proiektu faraoniko horren beharrik: has zaitez lehenik harrabots mediatikorik gabe Arnegitik, Izpegitik eta Urkiagatik pasatzen diren oraingo bideak hobetzen. Alabaina, aspalditik ohartua zintaizke hurbiltasunagatik eta tokiko interesagatik, ospitale edo edozein zerbitzu publikorentzat, Aldudetik edo Urepeletik Iruñea Baiona baino hurbilago dela, ez?

Bururatzeko gure solasa, Lasserre jauna, azken gomendio xume bat: baliatu zure kargua, behingoz Donibane Garaziko desbideratze famatu hori sakontzen hasteko egiazki. Bai, zinez uste dugu hori ere badela zure betebeharretarik bat. Jakin badakigu zure gain bakarrik balitz, agian egina litaikeela baitezpadakoa den desbideratze hori. Energia xahutzekotan, xahutu lekuko klase politiko funsgabe baten inertzia mugiarazten, Lasserre jauna! Garazi-Baigorriko Herri Elkargoarekin elkarlanean, kuraiaz eta borondatez dosier hori aitzinaraztea eta bururaino eramatea bai zinez lurralde honi eta Donibane Garaziri probetxu egitea bailitaike.

Aldi honetarako horretan utziko dugu, orroitaraziz, halere, buru gibelean duzun bide handi proiektua ezingo duzula gauza-tu molde arras ezberdinetako desmasiarik eragin gabe: zure proiektua egiazko bortxaketa bat bezala sentitzen dugulako. Mespretxuzko jokamoldeek egiazko erreakzio kolektibo bortitzak eragiten ahal dituztelako...

Zuk bezala agian, politikaren interes orokorrean eta demokraziaren funtsezko baloreetan sinesten dugulako, orain duzu emandako hitzaren betetzeko tenorea: Entzun eta ulertu Nafarroa Beherea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo