CFA Maila
Igo ez arren, ongi aritu dira Aviron eta Genets
Baionarrak sailkapeneko lehen postuan egon dira luzaroan, baina denboraldi erditik aitzinera ezin izan dute presioa gainditu. Genetsek, aldiz, zailena egin zuen; gero, ordea, beherakada handia izan du
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek eta Genetsek agian ez zituzten beteko batzuek buruan zituzten helburuak, baina orokorrean ezin esan denboraldi txarra egin dutenik. Agian, batez ere Genets azkarregi geratu da igotzeko aukerarik gabe, eta amaieran jokatutako partida eskasek ordura arte egindakoa zapuztu dute.
Avironek iaz galdu zuen N1 Maila, eta berriro ere horra heltzeko itxaropenekin abiatu zen, baina ez zen ezinbesteko helburua. Diru aldetik ez zebilen ongiegi, eta taldea erabat berritu behar izan dute. Iaz izan zituzten kanpotar guztiak bidali dituzte, eta kanpotik jokalari gazteak etorri dira. Hala ere, gehienak etxekoak izan dira, eta hori izan da berririk onena, Ipar Euskal Herrian ere jokalarien maila, taldeena bezalaxe, gorantz baitoa.
Ligako zati handi batean lehen postuan egon dira, baina lesioak eta zigorrak heltzen hasi direnean, gazteei eskarmentua falta izan zaie. Lau aldiz jarraian galdu zuten, eta mailaz igotzeko aukerak ihes egin zien. Ordutik, Avironen entrenatzaileak gazte mailako jokalariei aukerak ematea erabaki zuen, eta 17 eta 18 urteko futbolari mordo batek izan dute lehen taldearekin jokatzeko aukera. Horrek harrobia badagoela erakutsi du, eta etorkizunean ere gazteak aintzat har daitezkeela ikusi da.
Hala ere, Avironen balentriarik handiena Kopan izan da, Kopako bederatzigarren kanporaketara heldu baitzen, eta Lyon Liga frantseseko txapeldunaren aurka jokatu zuen. 1-2 galdu zuen, baina hori gutxienekoa izan zen. Izan ere, zaleek argi eta garbi erakutsi baitzuten Lapurdiko hiriburuan Lehen Mailako talde bat eduki nahi dutela. Taldeak itxura bikaina eman zuen, eta diru sarrerak ere bikainak izan ziren. Beraz, orokorrean, denboraldi ona izan da baionarrentzat.
Beheraka
Genetsek iaz doi-doi eutsi zion CFA Mailari, eta aurten igotzeko asmoarekin ekin zion. Hasieran ez zen ongi ibili, baina jarraian partida mordo bat irabazi zuenez, bigarren postuan jarri zen. Lehenengoak puntu bat ateratzen zion.
CFAra igotzeko leku paregabean jarri zenean, ordea, partida pila bat galdu zuen jarraian, eta inongo aukerarik gabe geratu zen. Amaiera oso luzea egin zaio.
Ligako azkeneko jardunaldian, Avironek garaipena eskuratu zuen Briveren zelaian, 0-2. Lapurtarren aurkaria izan da sailkapeneko azkena. Genetsek, aldiz, lehenengoa hartu zuen, Rodez, eta 1 eta 1 berdindu zuen. Azken jardunaldian ez zegoen ezertxo ere jokoan.
Denboraldia amaituta, eta ikusita aurten gauzak nola joan diren, hurrengo denboraldirako erronka N1era igotzea izango da, eta horretarako fitxatzeak egiten aurki hasiko dira. Igo, ordea, berriro ere bakarra egingo da, eta ezinezkoa izango dute biek helburua betetzea.