Harri-jasotzea
Goenatxok sei aldiz berdindu du 188 kiloko errektangular zaharra
J.L. | DONOSTIA
Goenatxo II.ak marka bikaina egin zuen herenegun arratsaldean, Beasainen. Azkoitiarrak 188 kiloko errektangular zaharrari sei jasoaldi eman zizkion hiru minutuko txanda bakar batean.
Errektangular zaharra oso harri zaila da. Gaur egun, oso harri-jasotzaile gutxi dira harri horrekin ibiltzen direnak, eta Goenatxo da bakarrenetako bat.
Nolako zailtasunak dituen kontuan hartuta, eta zenbat denbora zuen lanerako ere kontuan hartuta, sei jasoaldi ematea ez da txantxetakoa, minutuan bi jasoaldi emanez joan baitzen.
Azkoitiarra adinean aurrera doa, baina argi eta garbi erakutsi du oraindik sasoi betean dagoela, eta marka bikainak egiteko gai dela. Orain erakustaldien txanda etorriko da, eta Goenatxok nahiko lan izango du erakustaldiekin aurtengo udan ere.