Emakumezkoak
ASB Baionako neskek Elite Ligarako igoera lortu dute
Orain arte euskal talde bat inoiz ez zen heldu mailarik gorenera, baina datorren denboraldian Euskal Herriak ere izango du ordezkaririk Europako Ligarik garrantzitsuenetakoan
Jon LEUNDA | BAIONA
Emakumezkoek ere hemendik aitzinera maila nagusian talde bat izango dute, herenegun arratsaldean ASB Baionakoak lortu baitzuen Elite Ligarako igoera. Maila hori mutilen Top 14aren parekoa da nesketan.
Asteburu gozoa izan da, dudarik gabe, euskal errugbirako. Mutiletan, Top 14an, Biarritzek finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu zuen, eta Avironek mailari eusteko modua egin zuen. Bera Bera, berriz, Kopa espainoleko finalerdietara sailkatu da, eta emakumezkoetan ASB Elite Ligan da. Beraz, hemendik aitzinera errugbian hasten diren neskek ere badute erreferentzia bat, Estau frantseseko Elite Liga, Ingalaterrakoarekin batera, Europako onena baita, eta hor euskal talde bat izatea handia da.
ASAB taldeko neskak faboritoak ziren partida irabazteko, eta ez zuten hutsik egin. Lehen faseko onenak izan dira, eta orain igoerarik gabe geratzea kolpe handia izango zen haientzat.
Horregatik, garbi zuten hastapenetik jo behar zutela gogor, eta horixe egin zuten. Aurrean presio handia egin, eta atzean ez zuten aparteko arazorik aurkarien erasoei eusteko. Joko on horren ondorioak heltzen hasi ziren, eta atsedenera joan aitzinetik hiru entsegu egin zituzten. 15-0ekoarekin joan ziren atseden hartzera.
Bi taldeen artean zegoen aldea nabarmena zen, eta frantziarrak nahiko etsita joan ziren aldageletara. Handik itzulitakoan, laster ikusi zen lehen zatian ikusitakoa baino alde nabariagoa izango zela.
Frantziarrak nekea sumatzen hasi ziren; eta berde-moreak, aldiz, gero eta erosoago ari ziren jokatzen. Aurrera begira egiten zuten jokaldi bakoitzak arriskua ekartzen zuen, eta horrelakoetan entseguak ere heltzen hasten dira. Beste lau egin zituzten bigarren zatian, eta horietako bi Bermejok transformatu zituen. Modu horretan, norgehiagoka erabakita utzi zuten jokalariek. Amaieran, poza sekulakoa zen, azkenean helburua beteta geratu baitzen.
Ligaren bila
Igoerarekin ez da Liga amaitu; izan ere, orain lau talde geratzen dira, eta horien artean erabakiko da Lehen Mailako txapelduna zein izango den. Lapurtarrek Herms taldea izango dute aurkari. Lehen fasean multzo berean izan dira, eta batean euskaldunek irabazi zuten; eta bestean, berriz, berdindu. Partida hilaren 11n jokatuko dute, bietako inorena ez den zelai batean.
Amets Kastrejanak, ASB taldeko jokalariak, honakoa esan zuen herenegungo partidaren ostean: «Gu hasieratik atera gara garaipenaren bila. Lehen jokalditik erabaki nahi genuen, eta lehen zatian gauzak nahiko ongi bideratu ditugu hiru entsegu lortu baititugu. Bigarren zatian nahiko ahulduta zetozela konturatu gara, eta gauzak errazago izan dira».
Orain Ligaren atzetik doazela onartu zuen: «Helburua Elitera igotzea zen, eta hori lortu dugu. Orain Liga nahi dugu, baina lehen helburua bete dugunez, lasaiago arituko gara».
39
0
Lapurtarrek partida ona egin zuten herenegun arratsaldean, eta horren erakusle dira berde-moreek lortutako zazpi entseguak. Horrek argi eta garbi uzten baitu zein izan zen berdegunean nagusi.
ASB taldeko neskak Elite Ligara igo dira, baina denboraldia ez da amaitu, geratzen diren lau taldeen artean erabakiko baita zein izango den mailako txapelduna. Herms taldearen aurka jokatuko dituzte finalerdiak.